Osasun publikoaren egoera gero eta okerragoa da. Pertzepzio hori du jendeak. Eta hainbat pertsonek adibideren bidez haien lekukotza ematen dute kalean. Pasa den asteazkenean kezka bera zuen jendea Iortia kultur gunera joan zen, Nafarroako Osasun Plataformak hitzaldia antolatua baitzuen. Sartu aurretik jendartearen hizketaldiak kezka horren isla ziren. Osasun sistema publikoa gero eta okerrago ikusten dute azken urteetan, eta egoera zuzendu beharrean gero eta okerrago dagoela ikusten dute.
Kezka horrek eraginda jende ugari joan zen hitzaldira. Antolatzaileek areto txikia eskatuta zuten. Azkar asko bete zen hura eta kanpoan 50 pertsona baino gehiago gelditu ziren ezin sartu. Hitzaldia areto handira aldatzeko antolatzaileen ahalegina alferrikakoa izan zen, penaz, sartzerik ez zutela adierazi zieten pasabidean gelditu zirenei. Areto betean adineko jendea nagusi zen, baina helduak eta gazteren batzuk ere joan ziren hitzaldira.
Esandakoak
Plataformako kideek azaldu zutenez, “Nafarroan lehendik hondatzen ari zen osasun sistema publikoa pandemiak larriagotu du eta prekarietate maila oso kezkagarrira iritsi gara, bereziki osasungintzako langileak falta direlako”. Nafarrek behar bezalako arreta ez dutela jasotzen, edo arreta desegokia jasotzen dutela gaineratu zuten. Eta Osasunbideko langileek gehiegizko lan karga dutela nabarmendu zuten.
Altsasuko osasun eskualdeko langileek ere hitza hartu zuten. Azaldu zutenez, sei mediku egon beharko lukete eta gaur egun plaza bat bete gabe dago. Ondorioz, Olatzagutian osasun arreta egunero beharrean astean hirutan eskaintzen da. Sendagileez aparte, osasun eskualdeak honako lanpostuak ditu: sei erizain, pediatriako erizain bat eta beste lanaldi erdi bat dago, errefortzuko erizain bat, pediatra (beste lanpostu erdi batek urteak daramatza bete gabe), gizarte langilea, larrialdietarako hiruna mediku eta erizain, bost administrari (lau Altsasun eta bat Olatzagutian) eta beste administrari bat lanaldi erdian (arratsaldeak eta larunbatak). Gainera, fisioterapia zerbitzua egunero eskaintzen da goiz eta arratsaldez, errehabilitazioan aditua den medikua astean bitan heldu da eta astegun guztietan X izpien zerbitzua dago.
Langileen ordezkariek azaldu zutenez, haietakoren batek baja hartu edo oporretan joaten bada, Osasunbideak ez du ordezkorik jartzen. Azaldu zutenez, Osasunbidearen aldetik “desinformazio etengabean” bizi dira. Egoeraren okertzeagatik erabiltzaile batzuen aldetik errespetu falta, irainak eta bestelakoak jaso dituztela azaldu zuen. Aurrez aurreko kontsultei dagokienez, azaldu zuten erizaintzako kontsultak egin izan direla eta medikuen agendak azken hiruzpalau hilabeteetan pandemiaren aurrekoen antzekoak direla.
Entzundakoak entzunda, entzule batzuk osasun publikoaren alde antolatzeko prest azaldu ziren. Plataformatik aurreratu dutenez, udaletan mozioak aurkeztu eta Nafarroa mailako mobilizazioa egitea aztertzen ari dira.