Pilota

Zabaleta eta Elezkano, sailkapen buruari eustera

Guaixe 2022ko ots. 7a, 13:20
Zabaletak eta Elezkanok azken bolada txarrari buelta eman nahi diote. ASPE

Binakako hamabigarren jardunaldiko azken partida jokatuko dute gaur, astelehena, Peña II.aren eta Albisuren kontra. Lehen postuei eustea dute jokoan. Altunak eta Martijak garaipen ederra lortu zuten eta Ezkurdiak eta Tolosak azken postuan jarraitzen dute, Lasoren eta Imazen kontra galdu eta gero

Binakako Txapelketak zeresana ematen jarraitzen du. Irribarria eta Rezusta dira liderrak (8 puntu), Jakari eta Mariezkurrenaari 10 eta 22 irabazi eta gero. Laso eta Imaz dira bigarrenak (8 puntu), larunbatean, Labriten jokatutako pilota partida ikusgarrian Ezkurdiarekin eta Tolosarekin lehia estua izan eta, azkenean, 18 eta 22 gailendu eta gero. Altuna III.a eta Martija hirugarren postuan daude (8 puntu), Urrutikoetxea eta Aranguren 14 tantotan utzi eta gero, eta, momentuz, Elezkano II.a eta Zabaleta dira laugarren (7 puntu) eta Peña II.a eta Albisu bosgarren (5 puntu). Hain zuzen ere gaur despedituko da Binakako Txapelketako hamabigarren jardunaldia, Elezkano-Zabaletak eta Peña II.a-Albisuk Tolosako Beotibarren jokatuko duten partidarekin. 

Ikusmina handia da. Elezkanok eta Zabaletak azkeneko hiru partidak galdu dituzte eta egoerari buelta eman beharrean daude goiko postuetan jarraitu nahi badute, Irribarria-Rezusta, Laso-Imaz eta Altuna-Martija bikoteekin zortzina puntutara berdintzeko. Elezkanok eta Zabaletak akatsak zuzendu eta garaipenaren bideari heldu nahi diote, baina ikusteko dago irabazi beharraren presio horrek zein eragin duen gaur egingo duten lanean. Aurrean bikote sendoa dute, Peña II.a eta Albisu, aurreko urteko txapelketako beste bikote finalista, hain zuzen ere, eta hauek play-offetako postuak ziurtatu nahi dituztenez, ez dute ezer oparituko. Beraz, lehia handia espero da gaur Beotibarren. 

Sailkapeneko behe aldean, Urrutikoetxea-Arangurenek eta Jaka-Mariezkurrenak launa puntu dituzte eta Ezkurdia-Tolosak hiru. Ezkurdiak eta Tolosak Lasoren eta Imazen kontra ongi jokatu zuten larunbatean Labriten, baina partida oso gogorrean, Lasok eta Imazek lortu zuten gailentzea. Ezkurdiari eta Tolosari Binakako finalerdietarako play-offetan sartzeko aukera zaildu zaie, geratzen diren bi jardunaldiak irabazi eta gainontzeko emaitzen zain egon beharko dutelako, baina aukera dagoen bitartean gogor borrokatzeko asmoa dute. 

Promozioan, Bakaikoa gaur lanera
Promozioko Binakakoan, Joanes Bakaikoak eta Iker Elizegik Zabala eta O. Etxeberria izanen dituzte aurkari gaur, astelehena, Tolosako jaialdia mustuko duen partidan. Gaurko emaitzaren faltan, Salaberria eta Erostarbe dira lider berriak (10 puntu) eta, beraz, lidergoari eusteko irabazi beharrean dira Bakaikoa eta Elizegi.