Pilota

Zabaletaren eta Elezkanoren erreakzioa iritsi da

Guaixe 2022ko ots. 8a, 12:22

Zabaletak pilotakada ikusgarriak jo zituen. ARTXIBOA

Azkeneko hiru jardunaldiak galdu eta gero, euren onenera itzuli dira egungo txapeldunak eta zortzigarren puntua lortu dute, Peña II.a eta Albisu bederatzi tantotan utzi eta gero. Promozioan Bakaikoak eta Elizegik lidergoa galdu dute

Danel Elezkano eta Jose Javier Zabaleta bere onera itzuli dira. Egungo txapeldunek oso ongi ekin zioten Binakako Txapelketari, baina azken hiru jardunaldiak galdu eta gero, egoerari buelta emateko kapazak izango ote ziren zen kezka. Euren erreakzioa iritsi da, eta nola gainera. Atzo, astelehena, Tolosako Beotibarren Jon Ander Peña eta Jon Ander Albisuren kontra hamabigarren jardunaldia ixten zuen partida zuten jokoan, eta Aspeko bikotea gailendu zen, nagusitasun handiz, bederatzi tantotan utzi baitzituzten Peña II.a eta Albisu. 

Elezkano eta Zabaleta Peña II.aren eta Albisuren gainetik pasa ziren, eta aipatzekoa da Zabaletak agindu zuela. Haren erritmora dantzatu zuten gainontzekoek. Etxarrengo atzelaria lehen pilotakadatik aurrera agintzen hasi zen, eta Albisu guztiz dominatu zuen. Zabaletak pilotakada ikaragarriak jo zituen, ia ez zuen hutsik egin, eta ausart jokatu zuen Elezkanoren laguntzarekin, Peñak eta Albisuk ezer gutxi egin izan zuten.

Hamabi jardunaldi jokatuta eta hasierako ligaxka despeditzeko bi partiden faltan, estu jarraitzen du txapelketak, bai goialdean eta baita behealdean ere. Goian, lau bikote daude zortzina punturekin: Irribarria-Rezusta, Elezkano II.a-Zabaleta, Laso-Imaz eta Altuna III.a-Martija. Peña II.a-Albisuk bost puntu dituzte, Urrutikoetxea-Arangurenek eta Jaka-Mariezkurrena II.ak launa puntu eta Ezkurdia-Tolosak hiru puntu. Hortaz, bikote guztiek dute finalerdietarako sailkatzeko aukera. 

Promozioa: Bakaikoak lidergoa galdu du
Promozioko Binakakoan, Joanes Bakaikoak eta Iker Elizegik Zabala eta Oier Etxebarria izan zituzten aurkari atzo, astelehena, Tolosako jaialdia zabaltzen zuen partidan. Partida oso estua izan zen, eta, azkenean hiru tantoko aldearekin Javier Zabala eta Oier Etxebarria gailendu ziren. Bakaikoak eta Elizegik txapelketako lidergoa galdu dute. Salaberria eta Erostarbe dira lider berriak (9 puntu) eta Bakaikoa eta Elizegi bigarren dira (9 puntu). Larunbatean Bakaikoak eta Elizegik Egigurenen eta Untoriaren kontra jokatuko dute, Bilboko Bizkaia pilotalekuan.