Taberna bat han, kristaldegia hemen, gozotegia bestean… Pitteka-pitteka denda eta negozio txikiak ixten ari dira Sakanan. Itxiera bakoitza zerbitzu eta eskaintza aniztasunaren galera bat da sakandarrendako. Eta lanpostuen galderarekin batera, gure herrietako kaleek bizitza eta alaitasuna galtzen dute. Ateak ixtearen atzean makina bat arrazoi egon daitezke: arduradunen jubilazioa, familia erreleborik falta, kontsumo ohituren aldaketak, eta merkataritza gune handien edo Interneten lehia…
Horren jakitun, Cederna Garalur elkarteak Etorkizunera zabalik kanpaina abiarazi du, landa negozioen erreleboa eman eta landa ekintzailetzaren alternatiba izan nahi duena. Ekimen horrekin Garalurrek negozio txikien itxiera geldiarazten lagundu nahi du, haien ekonomia bideragarritasuna eta bezeroekin sortzen den hurbiltasuna eta konfiantza azpimarratuz. Elkartea hasi da dagoeneko errelebo edo transferentzia egoeran dauden landa negozio txikiak identifikatzen eta erakartzen. Aldi berean, hurrengo hilabeteetan areagotu eginen du negozio horiek bere gain hartzen dituzten ekintzaileen bilaketa.
Erreleboa errazteko asmoz, Garalurrek negozioaren azterketa bat eskaintzen du, bi ikuspuntutatik eginen duena. Alde batetik, jardueraren arduradunarena, eta, bestetik, jarduera hartu nahi duenarena. Garalurreko arduradunek espero dute negozioaren baldintzak zenbaki errealekin ezagutzeak aldeen arteko negoziazioa eta erreleboa erraztuko dituela. Gainera, Garalurrek errelebo guztien artean hiru kasu hautatuko ditu, eta haiei marketing eta komunikazioko prestakuntza osagarria eskainiko die.
Bestalde, bi aldeen arteko harremana errazteko, Garalurrek jakinarazi du Nafarroako Mendialdeko hainbat tokitan erreleboa behar duten negozioak aurkezteko hainbat jardunaldi antolatuko dituela. Jardunaldiei itxiera emateko Nafarroako ekintzaile guztiei zuzendutako jardunaldi nagusi bat egonen da. Horiek guztiak Garalurren Hartu Lekukoak proiektuaren baitan daude, eta Nafarroako Gobernuak eta Europako Feader funtsek finantzatzen dituzte, 2014-2020 aldirako Landa Garapenerako Programaren bidez.