Energia trantsiziorako nahi dituzte erakundeak, enpresak eta herritarrak

Guaixe 2022ko ots. 16a, 09:59

Irurtzungo kiroldegiko eguzki plakak eta etxebizitzak.

Garapen Ekonomiko eta Enpresarialeko Departamentuak eta Nafarroako Udal eta Kontzejuen Federazioak (NUKF) informazio jardunaldia antolatu du. Martxoko saio horren bidez Sakanako udalei eta herritarrei energia trantsiziorako eskura dituzten neurri eta dirulaguntzen berri emanen dizkiete.

Toki entitateetan energia trantsizioa bulkatzeko, Nafarroako Gobernuko Ekonomia eta Enpresa Garapenerako Departamentuak eta Nafarroako Udal eta Kontzejuen Federazioak (NUKF) elkarrekin lan eginen dute. Hala erabaki zuten atzo. Elkarrekin eginen duten lehen ekintzetako bat  zortzi eskualdetan informazio jardunaldiak egitea da. Haietako bat Lakuntzan izanen da, Sakanako Mankomunitatearen egoitzan, martxoaren 8an, asteartearekin, 11:30ean. Saioa ibarreko erakundeei eta sakandarrei zuzenduta dago, eta bertan azalduko dute energia trantsizioa egiteko departamentuak ematen dituen laguntzak. Gainera, bileretan beharrezko aholkularitza eskainiko da, eta parte hartzaileek energia trantsizioarekin lotuta planteatutako zalantza guztiei erantzunen diete.

Jardunaldiek bat egiten dute departamentua garatzen ari den beste ekintza batzuekin, esaterako, energia trantsiziorako webgunea. Ekonomia eta Enpresa Garapeneko kontseilari Mikel Irujo Amezagak azpimarratu duenez, “web orri horren helburua da herritarrak ahalduntzea trantsizio energetikoan aktiboki parte har dezaten”.

Esanak
Irujok nabarmendu duenez, “garrantzitsua da tokiko erakundeak, enpresak eta herritarrak energia trantsizioarekin konpromisoa hartzea Europak ezarritako deskarbonizazio helburuak lortzeko”. Gaineratu duenez, “Nafarroako Gobernua ahalegin handia egiten ari da eragile horiek egin beharreko aldaketak errazteko laguntzak eta dirulaguntzak ematen eta kudeatzen, eta prozesu horretan lurraldetik hurbilen dauden administrazioak, Tokiko Ekintza Taldeak, funtsezko elementuak dira”. Bileran, besteak beste Cederna-Garalurreko Ibon Mimentza Irala eta Sakanako Garapen Agentziako Iker Manterola Matxain egon ziren. 

Bestalde, NUKFko presidente Juan Carlos Castillo Ezpeletak adierazi duenez, “federazioa proiektu eta jarduera ugari garatzen ari da energia berdea sortzeko eta autokontsumitzeko, ekipoak eta instalazioak eraldatzeko eta energia eraginkortasuna hobetzeko neurriak hartzeko”. NUKFk egindako jardueren artean, Castillok nabarmendu du eguzki energian oinarrituta autokontsumorako sistemak sortu, galdarak biomasara aldatu, argiak berritu eta erregai fosiletako ibilgailuak elektrikoekin ordezkatu direla. Gainera, adierazi nahi izan du dagoeneko hasi direla energia komunitateei buruzko proiektuak prestatzen, bizilagunek eta enpresek parte hartzeko. 

Toki erakundeendako laguntzak
Ekonomia eta Enpresa Garapenerako Departamentuak gaur egun 30 milioi euro kudeatzen ditu energia trantsiziorako laguntzetan. Horietatik aurten 8.272.458,38 euro toki erakundeetara bideratuko dira. Laguntza horien tramitazioa errazteko, departamentuak gida bat diseinatu du toki erakundeei zuzendutako laguntzak erakusteko.

Energia iturri berriztagarriak dituzten autokontsumorako instalazioak ezartzeko eta horiek biltegiratzeko laguntzak daude. Gainera, toki erakundeek MOVES III Planari ere hel diezaiokete. Plan horri esker, diru laguntzak jasoko dituzte ibilgailu elektrikoak erosteagatik eta kargatzeko puntuak instalatzeagatik. Next Generationetatik datozen funtsak dituzte bi laguntzek.

Funts horietatik datoz, bestalde, ekonomiaren hainbat sektoretan energia berriztagarri termikoen instalazioak ezartzeko laguntzak. Azkenik, departamentuak argitaratuko duen hurrengo laguntza deialdiaren berri eman zien bilerara bertaratutakoei. Horren helburua izanen da energia eraginkortasuna sustatzea, energia berriztagarriak ezartzea eta mugikortasun elektrikoa eta partekatua bultzatzea toki erakundeetan eta irabazi asmorik gabeko erakundeetan.