Oinez, lasterka, bizikletan… Plazaola bide berdetik mugitzeko moduak dira. Badira egunero ez bada maiz ibiltzen direnak Plazaolan barna. Ibiltariak, lasterkariak edo txirrindulariak batzuetan gorabeherak ikusten ditu bide berdean: luizia, tunelen batean trabaren bat, euriteek hondatutakoa, zuhaitza bidean… Orain arte halakoak udalei edo Plazaola turismo partzuergoari jakinarazten zieten zuzenean Plazaolako zaindariek. Baina aurki horretarako telefono mugikor baten aplikazioa izanen da erabilgarri, momentuan eta zuzenean bidean dauden gorabeheren berri emateko. Aplikazioak, erraz, gorabeherak geolokalizatu, argazkiak egin eta deskribatzeko aukera ematen du.
Nafarroa Ezagutu Sarea da naturagune babestuak kudeatzen dituzten entitate eta pertsonek sortutako sarea. Plazaola bide berdea kide sortzailea da eta han mustuko dute sareak sortu duen aplikazioa, Europako Trail Gazers BID proiektuaren barruan egin ere. Aplikazioa nola erabili azaltzeko eta boluntarioen programa aurkezteko tailerra antolatu da. Turismo partzuergoaren ekimena da Plazaolako boluntarioen programa. Han parte hartzen dutenek bideko gorabeheren berri eman beharko dute. Boluntario izan nahi dutenek aplikazioa deskargatu beharko dute. Partzuergoak aplikazio hori esperimentalki erabiliko duten boluntarioen erregistroa sortuko du. Haien esperientziak jaso eta funtzionamendua aztertuta, ondoren aplikazio hori sareko beste espazio batzuetan ezartzeko aukera baloratuko dute.
Tailerraz
Osteguneko saioan, alde batetik, tresnaren aurkezpena eginen da, eta, bestetik, Plazaolako bide berean praktikatuko dute. Aurreneko zatiak 45 minutuko iraupena izanen du. Plazaolari buruzko ideiak, esperientziak eta ekarpenak (egoera, gorabeherak, kezkak eta abar) partekatuko dira.
Ondoren, aplikazioa aurkeztuko da, oinarrizko erabilera erakutsiz eta kanpoan praktika bat eginez. Proba gisa, mugikorrean gorabeherak eta alertak erregistratuko dira, eta, amaitzeko, aplikazioa kudeatzen duen programan ikusi ahal izango dira Biltegian bertan.
Saioan parte hartzeko deialdia, batez ere, Plazaolako bidea borondatez dagoeneko zaintzen duten edo egin nahi duten herritarrei, Plazaola inguruko udaletako eta mantentze lanetako brigadetako langileei eta lurraldeko natur eta kultura ondarea berreskuratzeko eta mantentzeko lan egiten duten tokiko beste taldeei zuzenduta dago. Partzuergoko arduradunek ez dute baztertu tailerra beste herri batzuetan egitea udaberrian, beti ere, boluntario gehiago erakartzeko asmoz.