Pilota

Guztiak frontoira begira

Maider Betelu Ganboa 2022ko ots. 11a, 12:00
Txapelketan aurrera egiteko Ezkurdiak eta Tolosak Jaka eta Mariezkurrena hartu beharko dituzte mendean larunbatean Labriten. ASPE

Binakako ligaxka despeditzeko bi jardunaldiren faltan, guztia erabakitzeke dago. Goialdean lau bikote daude zortzina puntura berdinduta, Elezkano-Zabaleta eta Altuna-Martija tartean, eta Ezkurdia-Tolosak play-offetan sailkatzeko aukera dute

Binakako Txapelketako bigarren itzulia hasi zenetik, kontu berberarekin dabil katedra: txapelketa zein estu dagoen, agian azken urteetako parekoena izango dela, emozioak azken ordura arte iraungo duela… Ordutik, ia astero errepikatzen den leloa da. Egia borobila delako.

Txapelketa bitan banatuta dagoela esan daiteke. Goialdean, lau bikote daude zortzina punturekin: Irribarria-Rezusta, Elezkano II.a-Zabaleta, Laso-Imaz eta Altuna III.a-Martija. Lehen bi postuetan sailkatzeko lehia gogorra dute, bi postu horiek zuzenean finalerdietara sailkatzea ahalbideratuko dietelako. Peña II.a-Albisuk bost puntu dituzte, Urrutikoetxea-Arangurenek eta Jaka-Mariezkurrena II.ak launa puntu eta Ezkurdia-Tolosak hiru puntu. Multzo honetan, azken bi postuetan ez geratzea da erronka, azken bi bikoteak ez baitira finalerdietako play-offetarako sailkatuko. Beraz, bai goian eta bai behean, lehia ederra espero da azken bi jardunaldi hauetan.
Asteburuan hamahirugarren jardunaldia dago jokoan. Altuna III.ak eta Martijak Peña II.a eta Albisu izanen dituzte aurkari Idiazabalen. Altuna eta Martija maila oso onean daude eta lehen bi postuetan sailkatzeko, irabaztera aterako dira. Peña II.a eta Albisu galtzetik datoz, baina egoerari buelta eman nahi diote, eta partida estua espero da.

Hil ala biziko partidak
Larunbatean, Bilbon, Elezkanok eta Zabaletak Urrutikoetxearen eta Arangurenen kontra jokatuko dute. Bolada txarrari buelta eman eta bere onera itzuli dira egungo txapeldunak, Elezkano eta Zabaleta. Beraiek dira faboritoak, baina Urrutikoetxea eta Aranguren azkeneko postuetatik ihes egiteko irabazi beharrean daude eta hil ala biziko partida izango da.

Larunbatean ere, baina Iruñean, Ezkurdiak eta Tolosak beste final bat dute jokoan –kontua galdu dugu jada–, kasu honetan Jakaren eta Mariezkurrenaren kontra, eta, agian, orain arteko final garrantzitsuena. Sailkapeneko behealdean dauden eta jokoan dagoen puntua ezinbestekoa duten bi bikoteen arteko lehia latza izango da Labritekoa. Irabaziz gero, Jakarekin eta Mariezkurrenarekin launa puntutara berdinduko lukete Ezkurdiak eta Tolosak eta play-offetarako sailkatzeko aukera izaten jarraituko lukete. Tentsio handia biziko da Labriten. Bukatzeko, igandean, Tafallan, Irriabarriak eta Rezustak Laso eta Imaz izango dituzte aurkari, sailkapeneko goialdeko lehia estuan. Bihotzekoa emateko moduko beste jardunaldi baten aurrean gaude. Nork eskaintzen du gehiago?

Promozioko Binakakoan, Alberdi II.ak Joanes Bakaikoaren tokia hartuko du. Elizegirekin batera, Egiguren eta Untoria ordezkatuko duen Ladis Galarzaren kontra jokatuko dute.