Txirrindularitza

Euskal Herriko Itzulia atzera ere Sakanatik pasako da

Maider Betelu Ganboa 2022ko ots. 11a, 11:10

Euskal Herriko Itzulia 2019an pasa zen Sakanatik, eta baita 2016an ere, irudian ikusten den bezala. ARTXIBOA

Bigarren etapa, apirilaren 5ekoa, Leitzan hasi, Zuarratetik Sakanan sartu eta Etxarri Aranaztik Lizarragara bidean, Vianan despedituko da

Asteazkenean aurkeztu zuten aurtengo Euskal Herriko Itzuliko ibilbidea. Apirilaren 4tik 9ra jokatuko da eta sei etapa ikusgarri izango ditu. "Tour txiki bat" izango dela azaldu zuen Roberto Laiseka txirrindulari ohi eta egun lasterketako zuzendari teknikoa denak. Lehengo etapa Hondarribian jokatuko den 7,1 kilometroko erlojupekoa izango da eta bigarren etapa Leitzan hasi eta Vianan despedituko da (207,92 km), Sakanatik pasa eta gero. Etapa Zuarratetik helduko da Sakanara, apirilaren 5ean. Ondoren, tropelak Etxarri Aranatzeraino egingo du aurrera, eta Lizarragako bidea hartuko du, Lizarragako portua igo eta Lizarraldean sartzeko. Laisekaren iritziz, "ihesaldiak osatzeko etapa egokia" izango da. 

Itzuliko gainontzeko etapak ere gogorrak dira, Arrateko gainean despedituko den azken etapa bereziki, zazpi portu izango dituena. "Munduko txirrindulari onenak izango ditugu gure lasterketan" ziurtatu zuen Laisekak. Beste behin, izar handiak gertutik ikusteko aukera izango dugu. Itzulia 2019an pasa zen Sakanatik azken aldiz. Zumarragan hasitako etapa Lizarrustiko portutik iritsi zen Lizarragabengoara, eta Arbizutik aurrera eginez, txirrindulariek Arakil zeharkatu zuten Gorraizeko helmugara heltzeko bidean.