Azken egunetan sare sozialetan eta bestelako euskarrietan galdetegi bat betetzera gonbidatu dituzte 14 urtetik gorako sakandarrak. Sakanako Mankomunitateko Ariketa Fisiko eta Kirol Zerbitzutik eta Kattalingune Nafarroako Gobernuaren LGTBI+ informazio eta arretarako zerbitzu publikotik etorri da gonbidapena. Izan ere, bi zerbitzu horiek, elkarlanean, Sakanan kirol alorrean LGTBI+ errealitatea nola bizi dugun ikertu nahi dute. Sakanako kirol munduan LGTBI+ kolektiboaren nolabaiteko diagnostikoa egin. Horretarako, galdetegi edo inkesta bat betetzea eskatu diete 14 urtetik gorako sakandarrei. Galdetegia sare sozialetan edo Sakanako Mankomunitateko webgunean dago eskuragarri. Sustatzaileek galdetegia zintzotasunez erantzutea eskertu dute. Galdetegia anonimoa da, 10-15 minutu behar dira betetzeko eta inkesta betetzeko azken eguna otsailaren 23a izanen da.
Galdetegiaren hasieran, LGTBI+ siglen esan nahia ematen da: Lesbiana, gay, transexual, bisexual, intersexual eta LGTBI siglekin identifikatzen ez diren eta arauzkoak ez diren sexu-identitate, orientazio eta adierazteko modu guztiak. Sexu eta genero aniztasuna, finean. LGTBI+ kolektiboko kideek sarritan gorroto, gaitzespen eta diskriminazioa sufritzen dute, LGTBI+fobia.
"Amaia Gerrikagoitia: "LGTBI+ komunitateak Sakanan kirola egitea nola bizi duen jakin nahi dugu"
Helburuak
Mank-eko kirol teknikari Amaia Gerrikagoitiak aipatu duenez, Kattalingune Nafarroako Gobernuaren LGTBI+ informazio eta arretarako zerbitzua Sakanan dagoela aprobetxatuz jaio zen ekimena. “Kattalingune zerbitzua Sakanan ere eskaintzen denez, eta beraien laguntzarekin eta gomendioarekin garrantzitsua iruditu zaigu Sakanan gai hau lantzea. Izan ere historikoki kirola gizonen menpeko alorra izan da urte luzez eta berezitasun batzuk bakarrik dituzten pertsonek egin ahal izan dute, maskulinitate hegemonikoa zutenak. Honek esan nahi du kiroletan heterosexualitatea eta garapen fisikoa landu dela batez ere, eta afektibitate gutxi. Guk pentsatzen dugu Sakanan kirolak anitzagoa izan behar duela. Ildo honetan, LGTBI+ kolektiboa gehiago ezagutu nahi dugu, eta jakin nahi dugu beraiek nola bizi duten hemen kirola egitea, diskriminaziorik jasotzen ote duten. Hala gertatzen bada, larria izateaz gain, pertsona asko gera daitezkelako ariketa fisikoak eta kirolak ematen duen osasun eta ongizate aukera hori gabe. Mankomunitatean gure helburua ahalik eta herritar gehienengana iristea da, eta bereziki behar gehien duten haiengana. Horregatik sortu zen ekimen hau” azaldu du teknikariak.
Gerrikagoitiak gaineratu du gizarte aurreratuetan aldaketak izan direla, “baina oraindik kirolak gizonaren nagusitasunaren oinarri nagusietako bat izaten jarraitzen du. Emakumeak gero eta gehiago parte hartzen ari gara, baina asko falta da berdintasun batera iristeko. Eta zer esanik ez LGTBI+ kolektiboan. Kirolean homosexualitatearen errefusa ematen da sarritan, eta arlo horretan lan asko dago egiteko”.
Bideoa
Galdetegiarekin Sakanan LGTBI+ kolektiboaren errealitate ezagutu nahi da. “Galdera asko dira, kirolaren ingurukoak gehienak. Esaterako, ea kirol talde, partida eta bestelakoetan homofobia kasurik bizi edo ikusi duzun, kolektiboari buruz dauden aurreiritziak eta beste hamaika galdera. Gai honetan Sakanan dagoen errealitatea ezagutu nahi dugu, diagnostiko txiki bat egin, eta jasotakoarekin sentsibilizazio bideo bat egiteko. Uztailaren 19an kiroletan LGTBI+fobiaren kontrako eguna da, eta data hori erabiliko dugu ekimen hau bulkatzeko” gaineratu du kirol teknikariak.
Kiroletik abiatuta, nolabait gizarte guztira heldu nahi da. “Berdintasun Zerbitzuko plan estrategikoan ere jasotzen da kirolaren arloan berdintasuna landu behar dela, baita ere LGTBI+ kolektiboarekin lana egin behar dela. Beraz, plan estrategikoak berak eraman gaitu elkarlan hau egitera eta ekimena sustatzera. Dena den, arlo guztietan landu beharreko gaia da hau, hezkuntza, kirola, kultura… guztietan. Kirol arloan berdintasuna lantzen da, baina LGTBI+ kolektiboaren inguruko errealitatea ez, eta beharra ikusten zen” nabarmendu du.
Diagnosia eta gero, kirol mundura bideratutako sentsibilizazio bideoa egingo dute
Esperientzia pilotua
Kattalingunetik Kirol Zerbitzuko ekimena ongi hartu dutela adierazi du Gerrikagoitiak. “Ongi hartu dute. Gurea esperientzia pilotu horietako bat izango da, agian gero beste udal edo entitate batzuetara zabaltzeko. Positiboa izatea espero dugu” espero du teknikariak.
Inkestako datuak jasota, haiek ongi aztertu eta diagnostiko bat egitea da asmoa, LGTBI+ komunitatearen inguruan Sakanan zein sentsibilitate dagoen ikustea, zein den egoera, eta jarrera desegokiak topatzen badira, haiei nola aurre egin aztertu. “Diagnostikoa egin ondoren lana aurkeztuko dugu. Sakanan LGTBI-aren inguruan nolako jarrera dugun ikusiko dugu, Sakanako argazkitxo bat egingo dugu. Ondoren, jasotakoarekin kirol mundura bideratutako sentsibilizazio bideo bat egin nahi dugu. Asmoa da taldeetako ordezkariren bat agertzea, irakasleren bat, partaideak, kirolariak...” azaldu du Gerrikagoitiak. Horregatik, sakandar guztiak aipatu inkesta betetzera animatu ditu.