Rural Kutxa taldeak bere bi taldeak aurkeztu zituen atzo, osteguna, Iruñeko Medikuen Kolegioan: UCI Proteam mailako Rural Kutxa-Seguros RGA taldea, eta afizionatuen mailako Rural Kutxa-Alea taldea. Bi taldeak kontuan hartuta lau sakandar izango ditugu talde berdean. Josu Etxeberria Azpilikuketa iturmendiarrak bigarren denboraldia egingo du talde profesionalean, eta afizionatuen mailako taldean hiru sakandar arituko dira: aurten bigarren denboraldiari ekingo dion Mikel Olaetxea unanuarra eta Aralar klubetik aurten afizionatuetara igo diren Martxel Etxeberria iturmendiarra eta Jon Erdozia etxarriarra.
Rural Kutxako arduradunak oso gogotsu daude. Profesional mailako taldea “orain arteko onena” dela nabarmendu zuten, Mikel Nieve buru duena, eta lasterketetan ahalik eta lan hoberena egitea dute xede, Espainiako Vueltarako gonbidapena jasotzeko. Afizionatuetan ere gogotsu daude denboraldia hasteko.