Fermin, Xabier eta Mikel pisu batean bizi dira eta auzunean Gloria bizi da. Hirurek zuten gogoko nahiz eta Fermin izan harekin harreman handiena zuena. Egun batean, afari baten bueltan, trago batzuen artean, bururatu eta ondu zuten plana. Handik egun batzuetara, Gloria gonbidatu zuten afaltzera eta hark onartu egin zuen. Hiruren artean afari goxoa prestatu zuten, zehazki, ahate fetutxina gravi saltsarekin, Italiako plater tipikoa, eta edateko Toscanako hiru botila Fonterezza Pettirosso ardo berezia. Hitzordu egunean, Gloria tenorean ailegatu zen eta mahaira eseri aurretik, Campari koktela hartu zuten. Txantxen artean, berriketa umoretsua eta alaia izan zuten, hobeki ezagutzeko bidean ari ziren lagun berrien arteko urduritasun puntua tarteko. Afaria aurrera zihoala, batetik bestera, basotxo bat ardo besterik edan ez bazuen ere, Gloria zorabio goxo batean sartu zen eta egongelako besaulkian eseri zen. Handik minutu batzuetara, Gloriak zentzumena galduxea eta burua nahasirik zuela baliatuta, hiruren artean arropak erantzi, ukituak egin eta bortxatu egin zuten, hirurek. Ondoren, arropak berriz jantzita besaulkian utzi zuten bere onera etor zedin. Ordu pare batean Gloriak zentzumen lainotua berreskuratu zuen eta oraindik burua nahasita zuela, baldar, etxetik alde egin zuen. Ferminek, Xabierrek eta Mikelek irriak egiten dituzte egun hartan gertatutakoaz gogoratzean eta beste ehizaldi baten asmo bidean jarriak dira.
Gloriak, etxeratzerako, gertatutakoari susmoa hartua zion eta hainbat irudi lainotsu gogoan zituen. Ziur zegoen sustantzia kimikoren batekin zentzumena galduarazita sexu bortxaketa egin ziotela eta nazka eta ezintasuna sentitu zituen. Atsekabeturik eta umiliaturik pasatu zuen biharamuna. Hurrengo egunean abokatu batekin hitz egin, txosten medikoak eta ahal zituen proba guztiak bilduta auzitegira jo zuen. Hala ere, auzitegiak bere kasua artxibatu egin zuen. Geroztik, Gloriak, kemenez, terapia psikologikoan eta borrokan segitzen du bere kasua deusean ez gelditzeko. Egun hauetan ehun eta piko mila sinadura aurkeztu ditu Justizia Ministerioan sexu eraso eta abusuen aurrean protokolo eraginkorrak zehaztu daitezen. Bitartean, politikariak liskar ergeletan murgildurik eta Justizia mutu, gor eta itsu. Horrela, bortxaketa larrien aurrean, erasotzaileentzat zikiratze kirurgikoa eta zigorra eta biktimentzat asistentzia eta erreparazioa; bestela, gizatxar koldarrek indartsu segituko dute.