Zortzi ordu lo egin, lanetik atera eta erosketak egitera, gero etxea garbitzera, janaria prestatzera, haurrak jaso eta eskolaz kanpoko jardueretara eramatea, kirola egin, irakurri, lagunekin ateratzeko tartetxo bat, ikasi eta zure buruaren zaintzeko denbora hartu, baina kontuz, soilik 24 ordu dituzu dena egiteko.
Hori pertsona askoren eguneroko bizitzaren erritmoa da, eta zehazki emakumeen bizi erritmoa. Hau da, denboraren erabileran ere, generoak badu zer esan. Gure gizartea kapitalista patriarkalaren nahien mesede, ez dira inondik inora pertsonen erritmoak kontuan hartzen produktibo nahi baikaitu, eta ez ditu gure beharrak erdigunean jartzen; ez ditu BIZITZAK erdigunean jartzen. Bizitzak erdigunean jarri behar direla diogunean, hainbat eta hainbat alderdien artean, zaintza eta denboraren erabileraz mintzo gara.
Kapitalismo patriarkalaren logikan, 8 ordu lo, 8 ordu lan eta 8 ordu "libre"-ko logikan antolatzen gaitu, baina logika hori soilik zaintza lan guztiak aserik dituzten pertsonek bete dezakete. Gure beharrak asetzea eta gizartearen erritmo azkarrak disritmiak edo talkak sortzen ditu bata bestearekin, eta lan karga hori sostenga ezina denez, emakumeen gain jartzen da. Izan ere, feminizaturiko eta genero desoreka gehien duten lanak denborari erreparatuz, etxeko lanak eta zaintzak dira.
Hortaz, emakumeek denbora gehiago eskaintzen dute etxeko lanak eta zaintza lanak egitera, haien denbora erabiliz. Oraindik ere super woman edo denarekin ahal duen emakumearen eredu hori sustatzen du sistemak, baina eredu hori guztiz sostenga ezina da.
Gauzak horrela, horri aurre egiteko enpleguaren, zaintza eta denboraren erabileraren kontzeptualizazio berria egin behar da, bizitzak erdigunean jartzen dituena, ardurak orekatuz eta banatuz, hori guztia modu kolektibo unibertsal eta publiko batean antolatuz.