Altsasu, Olazti eta Ziordiko Oinarrizko Osasun Eremuan medikuen falta aski ezaguna da, eta aspalditik dator. Urte gehiegi daramatzagu bete gabeko arreta medikuko plazekin, eta horrek esan nahi du hiru herrietako herritarrei ematen zaien osasun laguntzaren kalitatea onartezina dela. Horrek lan gainkarga handia dakarkie zentroko gainerako profesionalei, lanpostu huts horiek artatzen ez dituzten patologiak euren gain hartu behar baitituzte. Horrez gain, plaza horiek denbora laburrean betetzen dituzten profesionalak etengabe txandakatzen dira, eta, horrela, herritarren asistentzia premiak sakon ezagutzea eragozten da.
Egiturazko gabezia horiei COVID-19aren egungo pandemia gehitu behar zaie, osasun zentroaren egoera, hau da, bertako profesionalena eta erabiltzaileena, oso larri egotera eraman baitu, eta Altsasuko osasun etxean kontsultei erantzuteko mediku bakarra egotera iritsi da. Horri gehitu behar zaio SNS/Osasunbideak ez diola egoera horren berri ematen 112ri, eta larrialdiak kontsulta ordutegian bideratzen zirela, pertsona horrek kontsulta utzi behar izandu haiek artatzeko.
Pandemiaren bi urte, lehen mailako arretaren garrantzia entzuten bi urte eta osasun sistemaren oinarria, hau da, lehen mailako arreta, indartzeko beharrezko ahaleginak egin ez diren bi urte. Landa eremuetako lehen mailako arretaren narriadura arazo nabarmena da, eta premiazkoa da arazo horri aurre egitea. Hirigune handietan gehiegi zentratutako plangintza aldatu behar da. BAME plaza gehiago behar dira lehen mailako arretan, plaza hutsak betetzeko eta erretiratzen diren langileen txanda bermatzeko. Beharrezkoa da landa eremuetako langileen lan egoerari heltzea, hala nola Altsasu, Olazti eta Ziordiko Oinarrizko Eremuari, plazei egonkortasuna eman eta horiek betetzea errazteko. Azken batean, unean uneko premiak konpontzeko adabakiez harago, Nafarroan lehen mailako arreta sistemak bizi duen arazoari heltzea premiazkoa da, arreta ematen diguten profesionalak eta sistemaren erabiltzaileak kontuan hartuta.