Siriarako manta bilketak segitzen du

Guaixe 2022ko ots. 14a, 12:43

Andra Mari ikastolan manta bilketa aurreratuta dute. UTZITAKOA

Andra Mari ikastolan, Sagrado Corazon ikastetxean eta Etxarri eta Altsasuko boluntarioen egoitzetan jasotzen dira.

Gerraren ondorioz etxetik kanpo negua pasatzen ari diren siriarrak hotz handia dute. Ayuda Contenedores gobernuz kanpoko elkarteak (GKE) Siriara bidaltzeko mantak jasotzen ari da. Errefuxiatu eta desplazatuen gaia ikasgeletan landu zuten Andra Mari ikastolan. GKEko kideen manta premiaren berri eman zieten eta klasean landutakoari manta bilketa batzea erabaki zuten. GKEk ibarreko ikastetxeei deialdia egin zien manta bilketarekin bat egiteko eta Altsasuko Sagrado Corazon ikastetxeak bat egitea erabaki du. 

Aipatu ikastetxeez aparte, beste bi puntutan eman daitezke Siriarako mantak. Etxarri Aranatzen, boluntario taldeak Elizkorta kalean duen egoitzan jasoko dituzte. Ateak otsaileko astelehenetan zabalduko dituzte, 17:00etatik 18:30era arte. Altsasun, berriz, Frontoi zeharbideko 14. zenbakiko bajeran, asteazkenetan 10:00etatik 13:00etara.