Pilota

Primerako jardunaldia: Zabaleta eta Martija goialdean, eta Ezkurdia bizi-bizirik

Guaixe 2022ko ots. 14a, 12:20
Martijak eta Altunak garaipen sendoa lortu zuten Idiazabalen Peña II.aren eta Albisuren kontra. ASPE

Gure hiru pilotari sakandarrek garaipen sendoak lortu dituzten asteburuan eta Binakako finalerdietara sailkatzeko aukera dute

Binakako hasierako ligaxkako hamahirugarren jardunaldia zoragarria izan da gure pilotariendako, hirurek euren partidak irabazi eta txapelketan aukerekin jarraitzen dutelako.  

Altunak eta Martijak goiko postuetatik ez jaistea lortu dute, ostiralean Idiazabalen Peña II.ari eta Albisuri nagusitasun handiz 22 eta 8 irabazi eta gero. Partida estuago izango zela aurreikusten zen, baina Altuna eta Martija ikusgarri aritu ziren eta Peñaren eta Albisuren gainetik pasa ziren. 

Elezkanok eta Zabaletak bide onean jarraitu zuten eta larunbatean, Bilboko Bizkaia pilotalekuan primerako lezioa eman zieten Urrutikoetxeari eta Arangureni, Baikoko bikoa 10 tantotan utzi baitzuten. Zabaletak pilotakada ikusgarriak jo zituen eta partidan nagusi izan zen. 

Azkenik, Ezkurdiak eta Tolosak sekulako errezitaldia eman zuten larunbatean Labriten Jakaren eta Mariezkurrenaren kontra. Arbizuarra ikusgarri aritu zen, bera izan zen partidako onena, eta Tolosa on baten laguntzarekin 22 eta 12 irabazita, finalerdietarako play-offetan sartuko dira azkeneko jardunaldian irabazten badute. 

Azkenik, igandean Tafallan jokatutako partidan Irribarriak eta Rezustak sekulako nagusitasuna erakutsi zuten eta 12 tantotan utzi zituzten Laso eta Imaz. 

Sailkapena
Gauzak horrela, atzera ere estu-estu jarraitzen du Binakako Txapelketako sailkapenak. Irribarria-Rezusta dira liderrak, Elezkano-Zabaletaren eta Altuna-Martijaren aurretik. Hiru bikoteek bederatzina puntu dituzte. Laso eta Imaz laugarren dira (8 puntu), Peña II.a-Albisu bosgarren (5 puntu), eta Ezkurdia-Tolosa, Urrutikoetxea-Aranguren eta Jaka-Mariezkurrenak ixten dute sailkapena, launa punturekin. 

Beraz, ligaxkako azken jardunaldian dena dago erabakitzeko. Jakina denez, lehen bi postutan sailkatzen diren bikoak zuzenean sailkatuko dira finalerdietarako, eta hirugarren postutik seigarren postura sailkatzen diren bikoak finalerdietarako play-offak jokatuko dituzte. Elezkano- Zabaletak eta Altuna-Martijak lehen bi posturen artean sailkatzeko borrokatuko dute, eta, bestela, automatikoki play-offetan arituko dira. Ezkurdiak eta Tolosak, aldiz, play-offetara sailkatzeko aukera izango dute azken jardunaldia irabazten badute. Beraz, emozioak pil-pilean jarraitzen du. 

Promozioan Bakaikoak eta Elizegik lidergoa berreskuratu dute
Promozioko Binakako ligaxkako azken aurreko jardunaldian Alberdik Bakaikoa ordezkatu zuen, eta Elizegirekin batera 11 eta 22 irabazi zieten Egiguren V.ari eta Ladis Galarzari. Horrela, Bakaikoak eta Elizegik Promozioko lidergoa berreskuratu zuten, baina Salabarria eta Erostarbe bigarren daude, puntu berberekin, 10 puntu. Eta hain zuzen ere ligaxkako azken jardunaldian Bakaikoak eta Elizegik Salaberria eta Erostarbe izango dituzte aurkari larunbatean Labriteko jaialdia zabaltzen duen partidan. Asko dago jokoan, lidergoa bera.