Haur Hezkuntza duintzea, helburu hori du Nafarroako 0-3 plataformak. Bere aldarrikapena kalera joan den urteko maiatzean atera zuten kalera azkenekoz, doakoa eta duina den Haur Hezkuntza eskatzeko. Orduz geroztik haur eskolen egoera ez da aldatu. Plataformako kideak, ordea, ez dira geldirik egon eta haur eskoletan lan egiten duten hezitzaile eta garbitzaileen artean datu bilketa egin dute. Baita haur eskolen jabe diren udalen iritzia jaso ere.
Jasotako datuek eta egoera aldatu ez izanak “negoziazio politikoa agortuta dagoela erakutsi digute, ez dago biderik. Presioa egiteko mobilizazioak egitea erabaki dugu. Zerumugan greba mugagabea dugu” azaldu du plataformako kide Eider Garde Mazkiaranek. Mobilizazioekin plataformako kideek Nafarroako Gobernuko Hezkuntza Departamentua “interpelatu” nahi dute.
Egoera
Gardek azaldu duenez, “Hezkuntza Departamentuak ezartzen du haur eskolen araudiaren %100, baina eskolak udalenak dira. Estatuan Hezkuntza eskumena erkidegoena da, ez udalena. Departamentuak berak onartua du haur eskoletan eskaintzen dena Hezkuntza ziklo bat dela”. Eskaintzen dituzten beste zerbitzu batzuekin gertatzen den moduan, haur eskolen kasuan udalak Nafarroako Gobernuaren finantziazioaren menpeko dira. Udalek haur eskolen %24 finantzatzen dute eta Nafarroako Gobernuak %76. “Zer gertatzen da? Gobernuak ordainketetarako ezarritako modulua errealitatetik kanpo dago, eta udalek %24 baino askoz gehiago ordaindu behar izaten dute. Modulu horretan, kasu askotan, ez dago langileen antzinatasuna jasoa, eta langileen ordezkapenetarako partida oso txikia da. Are gehiago COVID-19 garaian”, azaldu du Gardek. Pandemiarekin haur eskoletan lan karga handitu dela gaineratu du.
Ordezkapenena zuzeneko eragina izan du zerbitzuan: “udal batzuk bere gain hartu dute gaixotu den langilea ordezkatzeak dakarren gain kostua. Beste batzuk ezin izan dute ordezkorik kontratatu eta, ondorioz, hezitzaileak askoz ere haur gehiagoren ardura izan du. Gainera, lan baldintzak oso eskasak direnez, inork ez du ordezkapen bat egin nahi haur eskola batean”. Plataformako kideek badakite haur eskolak dituzten udalek zailtasun handiak dituztela gaur egun. Eta egoera hori izanda Nafarroako Udal eta Kontzejuen Federazioak gaia bideratzeko lidergorik ez hartzea deitoratu dute.
Aldarrikapenak
Orain arte plataformak hezitzaile bakoitzaren ardurapean izan behar zituen ume kopurua jaistea eskatzen zuen, ratioa jaistea. “Carlos Gimeno Gurpegi hezkuntza kontseilariak esaten zigun hori eginez gero haur eskoletako plaza kopurua jaitsiko zela eta jendea kanpoan geldituko zela. Beraz, orain langileak bikoiztea eskatzen dugu; talde bakoitzarekin bi hezitzaile egotea. Horrela, plaza kopurua ez zen gutxituko”, azaldu du Gardek.
Alde berean, plataformak haur eskolen finantzaketa modulua handitzea eskatu du, “gastu errealera egokitzeko. Eta, horrela, udalek %24 eta departamentuak %76 ordaintzeko”. Moduluaren egokitzapenak ere langileen lan baldintzatan eragina izanen luke: “azken hamarkadan %0,9ko bi soldata igoera sinboliko izan ditugu. Kontsumo Prezioen Indizea askoz ere gehiago handitu da. Erosteko ahalmena galtzen ari gara hezitzaileak”.
Bestalde, plataformako kideen artean haserrea eragin du Gimenoren azken adierazpenak. “Europatik etorriko diren funtsak haur hezkuntzaren doakotasunerako bideratu beharrean, bigarren zikloan bi urtekoen gelak zabaltzea nahi du”. Haur Hezkuntza bi zikloetan banatuta dago, lehenak 0 eta 3 urte arteko umeak hartzen ditu, eta bigarrenak 3 eta 6 urte artekoak. Gimenoren asmoak aurrera eginen balu lehen zikloa 0 eta 2 urte arteko umeak hartuko lituzke bakarrik. “Hori pedagogiaren eta naturaren kontrakoa da. Gainera, bi urtekoen gela desagertuta langileen herena kalean geldituko litzateke”.
Mobilizazio egutegia
- Otsailak 3, osteguna
Langileen batzarra otsaileko ostegunetan. - Otsailak 12, larunbata
Elkarretaratzea. - Otsailak 26, larunbata
Auto karabana. - Martxoak 3, osteguna
Langileen batzarra martxoko ostegunetan. - Martxoak 12 eta 13, larunbata eta igandea
Itxialdia eskoletan. - Martxoak 26, larunbata
Elkarretaratzea. - Apirilak 7, osteguna
Greba eguna, eta langileen batzarra (baita 28an ere). - Apirilak 9, larunbata
Aldarrikapen jolasgunea. - Apirilak 23, larunbata
Greba aurreko langileen batzarra. - Maiatzak 2, astelehena
Haur eskola duinen aldeko greba mugagabearen hasiera.