Gobernuari tortura ikertzeko eskatu diote

Guaixe 2022ko ots. 22a, 11:37

Nafarroako Torturatuen Sarearen aurkezpen ekitaldia. UTZITAKOA

Nafarroako Torturatuen elkarteak eskatu dio 1960-1978 epearekin egin bezala, 1978tik aurrerako tortura kasuak ikertzeko. 

Hainbat sakandar presente zeudela, Nafarroako Torturatuen elkartea aurkeztu zuten Berriozarren hilaren 12an. Elkartean daude “gure historia hurbileko zenbait unetan tortura geure azalean jasan” dutenak eta torturaren ondorioz eraildako Nafarroako herritarren senideak. Torturatuen Sarea ehuntzen hasi dira eta, jakinarazi zutenez, Nafarroan torturatuen errealitatea mila pertsonek baino gehiagok osatzen dute. 

Elkarte berriak bi egiteko ditu. Alde batetik, bere sarea zabaldu eta, bestetik, Nafarroan torturatuen errolda ahalik eta zehatzena osatzea. Horretarako formularioak banatu dituzte. Tortura jasan dutenei haiek betetzera gonbidatu dituzte. “Mila pertsona horietara iristea ez da lan erreza, pertsona horietako asko jada ez daudelako gure artean edota formulario horiek betetzea iraganeko min eta sufrimenduak azalarazten dizkigulako. Baina torturaren bidegabekeria itzaletik argira atera nahi badugu bere inpunitatearekin behingoz Bukatzeko, egin beharreko lana da”. 

Gobernuari 
Elkartekideek Nafarroako Gobernuari eskatu diote, 1978tik aurrerako tortura kasuak aztertzeko, 1960 eta 1978 aldiarekin egin zuen bezala. “Ikerketa ofizial, zientifiko eta independente baten garapenarekin konprometitu dadila. Nafarroan, Estatuko Segurtasun Indarrek zenbat pertsona torturatu ahal izan dituzten argitzeko; eta, ondorioz, giza eskubideen urraketa larri horrek gure lurraldean izan dituen ondorioen egiazko argazkia lortzeko”. Hori torturatuen aitortzarako biderik egokiena dela uste dute elkartean. Horretan laguntzeko sortu dute elkartea. Bide batez, jakinarazi zuten garagartzaroaren 25ean, Torturaren Biktimen Babeserako Nazioarteko egunaren bezperan, mobilizazioa eginen dutela.   

Emandako datuak

  • 1.000 torturatu inguru 1960tik 2014ra.
  • 2 hildako: Antonio Goñi Igoa eta Mikel Zabalza Garate. 
  • Estrasburgoko Giza Eskubideen Auzitegiak espainiar estatua kondenatu du Igor Portu eta Mattin Sarasola torturatzeagatik.
  • Estrasburgoko Giza Eskubideen Auzitegiak 4 aldiz zigortu du espainiar estatua Oihan Ataun, Jon Patxi Arratibel, Xabier Beortegi eta Iñigo Gonzalezen tortura salaketak ez ikertzeagatik.
  • 2011. urtean CPTk, Europako Torturaren Prebentziorako Komitea, burututako txostenean hiru nafarren tortura testigantzari sinesgarritasuna ematen zion.
    Gutxienez, Nafarroako 80 herritako bizilagunek pairatu dute torturaren oinazea.