EH Bilduk osasun arreta duina eskatuko du

Guaixe 2022ko ots. 18a, 13:02

Altsasu, Olatzagutia eta Ziordiko EH Bilduko ordezkariak manifestazioaren aurkezpenean.

Igandean, 13:00etan, Altsasuko Foru plazatik abiatuko da. Burunda mendebaldeko osasun arreta “oso kezkagarria” dela uste du koalizioak, “osasun arreta kalitatez emateko giza baliabideen falta nabaria delako”.

Altsasuarrak, olaztiarrak eta ziordiarrak “osasun zerbitzu duin, publiko eta kalitatezkoaren alde” igandean manifestatzera gonbidatu ditu EH Bilduk. Altsasu, Olatzagutia eta Ziordiko osasun eskualdearen osasun arretak azken urteetan “osasun arretaren egoera txarrera egin” duela adierazi du Joseba Vizuete Askargortak, Olatzagutiko alkateak, “herritarren artean etsipena eta frustrazioa ikusten ditugu” gaineratu du. 

Ziordiko alkate Olatz Irizar Martinezek gogoratu duenez, “gure osasun eskualdean biztanleria jende edadetua da, mediku zerbitzu gehiago behar dituena”. Bi datu eman zituen: Ziordian herritarren %21 70 urte baino gehiago ditu eta Burunda mendebaldean bakarrik bizi diren 80 urtetik gorako pertsonak Nafarroako bataz bestekoa baino altuagoa dela (eskualdean %22,4 gizonezkoak eta %44,5 emakumezkoak, Nafarroan %19 eta 38,4). Irizarrek gogorarazi zuen 6,5 mediku plazatik 5 besterik ez daudela beteta (batek hilabete baino gutxiago darama). Pediatria plazak 1,5 dira eta bakarra dago aspaldi. “Langile falta horrek lan karga handia dakar zentroko gainerako profesionalendako”, gaztigatu du Irizarrek. 

Altsasuko zinegotzi eta eskualdeko oinarrizko gizarte zerbitzuko mankomunitateko presidente Javier Paz Miñok Nafarroako Gobernuari eskatu dio “behar diren neurri guztiak har ditzala gure oinarrizko osasun eskualdean dauden gabeziak konpontzeko. Gure biztanleendako osasun arreta egokia lehenbailehen bermatzeko eskatzen dugu”. 

Ez da lehen aldia EH Bildu osasun eskualdearen osasun egoeraz kezka azaldu duena. Arrazoi beragatik joan den urteko otsailean kontzentrazioa deitu zuen, orduan osasun eskualderako langile gehiago eskatu zituen. Bide batez, koalizioko kideek Nafarroako Osasun plataformak Iruñean gaur, 19:00etan, antolatu duen manifestazioan parte hartzera dei egin du.