Osasun sistema publiko ona aldarrikatzeko deia

Guaixe 2022ko ots. 18a, 09:07

Iruñeko manifestaziora autoz joateko Altsasun 17:45ean jarri dute hitzordua, Iortia kultur gunean.

Iruñean gaur, 19:00etan, Baluarteko plazatik abiatuta. Aldarrikatuko dute: Osasun publiko sistema indartsu eta unibertsala, Oinarrizko Osasun arretan oinarritua, politika guztietan Osasuna, inekitatea gutxitzen duena eta pertsona guztiendako bizi baldintza duinak sustatzen duena.

Nafarroako osasun plataformak Osasun publikoa defenda dezagun. Lan baldintzak hobetu leloa duen manifestazioa deitu du gaurko. Mobilizazioaren bidez hainbat aldarrikapen zabaldu nahi dituzte. Lehenik, beste osasun sistema bat, aurrekontuak bideratuko dituena Osasun Departamentura eta, horren barruan, bereziki, Oinarrizko Osasun Arretara eta osasun publikoaren alderdietara. Horrekin batera, Osasunbideko plantilla sendotzea eta handitzea eskatuko dute, horrela aurretik egindako murrizketak berreskuratzeko eta lanpostu egonkorra duten profesionalek biztanleria artatu ahal izatea bermatzeko. Pandemiarekin galdu den aurrez aurreko arreta handitzea eskatuko dute. Eta horretarako, osasun profesionalei ezartzen zaizkien gaixoen ratioak errealak izatea eskatuko dute.

Horrekin batera, osasun arloko administrazioko langileak gehitzea nahi dute, kalitatezko arreta bermatzeko. Bestalde, eskatuko dute "osasunaren negozio pribatuaren finantzaketa behingoz aurrekontu publikoekin moztea (deribazioak, itunak, mutuak, mutualitateak, farmacia, ikerketako egitura publiko-pribatuak..,)". Azkenik, sistema publiko soziosanitario bat integratzea eta garatzea eskatuko dute, Osasunbidean estaldura sanitario egokia izango duena.

Okerrera
Plataformako kideek adierazi dutenez, Estatuko Osasunari buruzko Lege Orokorra (1986) onartu eta gutxira, "osasun sistemaren publikoaren garapenari moztu eta pribatizazioaren aldeko politikak bultzatu eta garatu dituzte gobernu guztiek. 
Osasun sistema horrek, jaio zenetik, garapenerako borondate politiko faltari aurre egin behar izan zion alderdi nagusietan". Eta horien artean zerrendatu dituzte: sistema publiko bakarra, Oinarrizko Osasun Laguntzan oinarritua, arreta integralekoa, prebentziozko orientaziokoa eta osasun publikokoa, osasun-baliabide publiko guztien integratzailea, desberdintasun sozialei aurre egiten diena, garapenekoa eta ikerketakoa, eta abar.

Gogoratu dute finantza arloak 2008an eragindako krisiari aurre egiteko "formula gisa aplikatutako baliabide publikoen murrizketen eta pribatizazio estrategien ondorioz osasun sistema publikoa oso ahulduta zegoen. Murrizketa horiek gehien jasan dituena Oinarrizko Osasun arreta izan da". Pandemiaren etorrerak "osasun sistema publikoaren krisia areagotu du, eta profesionalak eta erabiltzaileak etsipenera eraman ditu. Sistema pribatuak, gobernuaren permisibitatearekin, onura ekonomikoak lortzean bakarrik agertu du burua.

Horregatik, manifestazioaren deitzaileek uste dute "inoiz baino beharrezkoagoa da Nafarroako osasun sistema publikoa eraldatzea eta hobetzea; orain da unea. Beharrezkoa da Osasunari buruzko Foru Lege berri bat onartzea legegintzaldi honetan, gizartearen parte hartze zabalarekin landua, aipatutako egiturazko beharrei aurre egiteko". Horrekin batera, eskatu dute "klima aldaketari eta gizarte desberdintasunei aurre egiteko gobernuaren politika guztien erabateko aldaketa, osasun arloko ekitate faltaren iturri gisa. Horretarako, gobernuak beste politika batzuekin konpromisoa hartu behar du, eta, horregatik, beharrezkoa da osasunarekin zer ikusirik duten arloko departamentuen arteko koordinazioa, gaur egun falta dena".

Gaurko manifestazioa babestu dutenen artean honako sindikatuak daude: CCOO, ELA, LAB, Steilas, ESK, CGT, Solidari eta CNT.