Nedgia Navarra SA enpresak helegiterik aurkeztu ez duenez, atzotik irmoa da Iruñeko Administrazioarekiko Auzien 3. epaitegiak emandako epaia. Enpresak Arakilgo Udalari administrazio isiltasunaren ziurtagiria eskatu zion gasbidea egiteko lanekin hasteko, eta udalak ukatu egin zion. Oihana Jaka Olaberria alkateak azaldu duenez, “prozedura ez zegoen ongi eginda eta dokumentazioa falta zen. Horregatik ukatu genion eskaera, eta epaileak arrazoia eman digu. Bestela, lanak egiten hasiko ziren”. Geroz, Etxeberri eta Lekunberri arteko gasbidea Aralar mendian barna eramateko lanak ezin dira egin. Jakak azaldu duenez, “enpresak ez du helegiterik aurkeztu eta epaia irmoa da. Gainera, jurisprudentzia sortu dugu. Lanak geldi daude eta ezin da ezer egin”.
Gasbide proiektuaren kontra plataforma sortu zuten larraundarrek eta arakildarrek. Epaiak sakon aztertu zain, kideen lehen balorazioa da “halako epai bat izatea garrantzitsua” dela, “obrak egiteko prozeduran hutsuneak badaude, gauzak argi ez badaude, gelditu dituelako”. Plataformako kideek gogorarazi dute bai herritarrek bai udalek proiektua hasieratik “inposizio” gisa ikusi dutela. “Epaiak borrokatzeko indarra ematen digu”. Ziurtatu dutenez, gasbide proiektuaren kontra mobilizatzen segituko dute.
Beste epaia
Nafarroako Gobernuko Industria Antolamendu, Energia Azpiegitura eta Meategien Zerbitzuak administrazio baimena eman zuen Etxeberri eta Lekunberri arteko gasbideko lanak egiteko. Erabaki haren kontra Arakilgo Udalak helegitea aurkeztu zuen Nafarroako Auzitegi Goreneko Administrazioarekiko Auzien Salan, eta ez du udalaren helegitea onartu. Jakak azaldu duenez, “epaileek atzera bota dute helegitea, baina ez da gai juridikoetan sartu”. Alkateak helegitea zergatik aurkeztu zuten azaldu du: “proiektu oso eskasa aurkeztu zuten, dokumentazio asko falta zen. Eta aurkeztu zuena epez kanpo aurkeztu zuen Nafarroako Gobernuak. Prozeduran zehar agiriak aurkezten joan denez, epaileek atzera bota dute helegitea”.
Hala ere, Arakilgo Udalean ez daude epaiarekin ados eta kasazio helegitea prestatzen ari dira. “Lege arrazoiak baditugu eta Epaitegi Gorenerainoko bidea egiteko prest gaude”, azaldu du Jakak. “Beste epaia ez balego, lanak hasiak leudeke eta auzibide hau bukatzerako despedituta leudeke”. Hala ere, epaitegietako bideaz aparte, administrazioen arteko elkarrizketak ere izan nahi dituzte udal ordezkariek, Lekunberriko Udalarekin eta Nafarroako Gobernuarekin.
Jakak gogorarazi du Lekunberrira eramatearen kontra ez daudela, baizik eta aukeratutako ibilbidearen kontra. “Plazaolako bide berdean barna egin daitekeen txostena aurkeztu dugu handik gasbidea eraman daitekeela dioena. Enpresak ere handik eraman nahi zuen duela urte batzuk. Eta Plazaola turismo partzuergoa handik eramatearen alde egin du”.