Hondakinak murriztu eta ongi bereizteko gida

Guaixe 2022ko ots. 21a, 14:29

Hondakin Zerbitzuko langileak Irurtzunen lanean.

Sakanako Mankomunitateak ibarreko etxe guztietara hondakinen birziklapena eta kudeaketa egokia egiten laguntzeko gida banatu berri du.

Nafarroan hondakin gehien birziklatzen duen eskualdea Sakana da. Horregatik, sakandarrak zoriondu ditu Sakanako Mankomunitateak. Hala ere, ibarreko erakundeak “hondakindegian bukatzen duten berrerabilgarrien eta birziklagarrien kopurua murrizteko lanean jarraitu beharra” dagoela azaldu du. Horretarako, “ezinbestekoa da errefusa murriztea hondakinak behar bezala bereiziz”. Horretan eta hondakinen kudeaketa egokia egiten laguntzeko Mank-ek 10.600 gida banatu berri ditu, hau da, Hondakin Zerbitzuan altan emandako guztiei. Gida Nafarroako Hondakin Funtsak emandako dirulaguntzarekin ordaindu du.

Sakandarrek etxetan jaso dugun gida hori Hondakin Zerbitzuaren sentsibilizazio kanpaina baten zati bat da. Gidarekin batera, zerbitzuak hainbat hondakinen ibilbideak edo zikloak azaltzen dituzten kartelak egin ditu toki publikoetan jartzeko. Hezitzaileek argitu dutenez, “hondakinen bidea etxeetan hasten da eta, horregatik, agerrarazi nahi izan dugu hainbat gai nola bereizi behar diren, bakoitzak bere bidea har dezan. Beti ere gogoratuz Hondakin onena, sortzen ez dena dela”. Bilketa kamioietan ere sakandarrei eskerrak emanez lonak jarriko dituzte. 

Komunikazio kanpainaren bidez, “hondakinak bereizterakoan herritarrek jartzen dituzten trabak, dituzten sineskerak eta pertzepzioak hobetu” nahi dituzte. Azken finean, helburua baita “hondakinen bereizketarako sakandarrek dituzten barrerak haustea. Hondakinek zein bide egiten duten jakinez, jendeak ongi bereiztera animatu, gaikako bilketan %5eko igoera bat ematea bilatzen dugu” azaldu dute zerbitzuko hezitzaileek.

Landuko dituztenak
Mank-ek kanpaina horren bidez hiru gai landu nahi ditu. Batetik, hondakinak gaika ez biltzeak dakartzan eragozpenak azaldu nahi dizkie sakandarrei. “Berrerabili eta birzikla daitezkeen gai asko lurperatzen ari gara, horrek dakarren kutsadurarekin. Eta hondakindegietan lixibiatuak eta klima aldaketa eragiten duten gasak sortzen dira”. Hezitzaileek jakinarazi dutenez, “egoki bereizi ez diren hondakinak Tuteraraino garraiatu behar dira, El Culebrete hondakindegi eta biometanizazio plantara; gehiena lurperatua izateko”. 

Hondakin Zerbitzuko hezitzaileek gogorarazi dutenez, Nafarroako Hondakin Planak eta Europako Batzordeak ezarri dute gaikako bilketa %65ekoa izan behar duela. Gaur egun, hondakin bilketarako hiru sistema daude Sakanan, eta birziklatzen eta berrerabiltzen diren hondakinen kopurua nabarmen aldatzen da bilketa sistema batetik bestera. Atez atekoan (Uharte Arakil, Lakuntza, Arbizu, Etxarri Aranatz, Bakaiku, Iturmendi, Urdiain eta Olatzagutia) hondakinen %75 gaika biltzen da eta %25 errefusa da. Sistema mistoa (Arakil, Irañeta, Arruazu, Ergoiena, Lizarragabengoa eta Ziordia) duten herrietan gaikako bilketa %60koa da eta errefusa %40. Eta Irurtzunen (edukiontziak eta auzokonpostagailuak) eta Altsasun (edukiontziak eta bosgarren edukiontzia) gaikako bilketa %40koa da eta errefusa %60koa. “Gaikako bilketa asko hobetu beharra daukagu, batez ere Altsasun eta Irurtzunen. Eta horregatik azaleratu dugu argi eta garbi gidan gai bakoitzean zein hondakin joan behar duten eta zein bide egiten duten. Jendea gaika bereiztera animatu dadin, ez baita dena batera biltzen. Horrela errefusa murriztuko dugu denon artean” azaldu dute teknikariek.

Horrekin batera, hondakinak ongi bereizteak eta gaikako bilketak dakartzan onurak ere nabarmendu dituzte: “errefusa gutxiago sortzen dugu, gutxiago kutsatzen dugu eta birziklatzearen eta berrerabilpenaren alde egiten dugu”. Mank-etik azaldu dutenez, ezarritako %65eko helburura iristeko pauso bat izan daiteke materia organikoaren gaikako bilketa ongi egitea. Izan ere, Sakanan sortzen diren hondakinen %40 materia organikoa da. Hura konpostatzailean, auzo-konpostatzailean edo bosgarren edukiontzian utzi behar da; bestetik, atez ate sistema dagoen herrietan astelehen eta ostegunetan atera behar da. 

Azkenik, nabarmendu dute “hondakinen kudeaketak lana sortzen” duela: “zerbitzua lan izugarria egiten ari da ahalik eta hondakin gutxien errefusa bezala bildu eta lurperatzeko. Horretarako gaikako bilketaren alde egiten ari gara hondakin mota bakoitzak bere bidea egin dezan. Zerbitzua bermatzeko 23 langile ari gara egunero lanean”. 

Inkesta eta eztabaida foroak 
Hondakin Zerbitzuak Aztiker Ikergunearen bidez telefono bidezko deliberazio inkesta egin die 300 sakandarrei (100 altsasuar, atez ateko bilketa sistema duten 100 sakandar, sistema mistoa duten 50  herritarrak eta 50 irurtzundar). Haiei honako gaien inguruan galdetu diete: bilketa sistemen inguruko iritzia, gaikako bilketari buruzko iritzia, hondakinak bereizterakoan dituzten oztopoak, gaikako bilketaren onurak ezagutzen ote dituzten eta zein hobekuntza proposatzen dituzten. 

Hezitzaileek azaldu dutenez, “inkesta horren emaitzak kontuan hartuta gidaren edukiak egokitu ditugu. Izan ere, inkestatuetako askok hondakinek egiten duten bidea ezagutzeko beharra azaleratu dute. Horregatik, saiatu gara gidan hondakin mota bakoitzak zein bide egiten duen agerrarazten”. 

Inkestari jarraipena emanez, eztabaida foroak antolatu dituzte. “Talde horietan hondakinen kudeaketari buruz hausnartuko da, bilketa sistema desberdinetarako eta komunikazio aldetik hobekuntzak proposatzeko”. Oraingoz bi talde osatu dira. Batean bilketa sistema desberdinak dituzten sakandarrak biltzen dira eta, bestean, altsasuarrak. Taldeetan hainbat adinetako gizon eta emakumeen parte hartzea bermatzen saiatu da Aztiker eta Sakanako Mankomunitatea. Sakana Taldea Lakuntzako kultur etxean elkartu zen atzo arratsaldean eta Altsasukoa gaur, 18:30etan, Iortia Kultur Gunean. Altsasuko taldea osatzeko emakumeak eta gazteak (18-29 urte bitartekoak) parte hartzera animatu dituzte. Mankomunitatearen sare sozialetan. Talde hauetan hondakinen kudeaketari buruz hausnartuko da, bilketa sistema desberdinetarako eta komunikazio aldetik hobekuntzak proposatzeko. 


38 ibilbide 
Hondakin Zerbitzuak ibarrean materia organiko, ontzi arin, papera eta kartoia eta errefusaren bilketa egiteko hamabost langile ditu, gidariak eta biltzaileak. Haiek astelehenetik larunbatera 38 ibilbide egiten dituzte ibarreko etxe, denda eta enpresetatik hondakinak jasotzeko. Lan horretan zazpi kamioi aritzen dira astegunetan eta hiru larunbatetan. 

Garbigune sarea 
Hondakin berezien bilketa bermatzen dute garbiguneek. Haietan zerbitzua eskaintzeaz arduratzen dira lau langile. Garbigune mugikorra herri guztietatik pasatzen da hondakin berezi txikiak biltzeko: pilak, tresna elektriko txikiak, sukaldeko olioa, motore olioa, pintura, jostailuak, etab. Langile batek astean zehar 5 ibilbide egiten ditu herri guztiei zerbitzua emateko. Arbizuko eta Altsasuko garbiguneak astegunetan 09:00etatik 14:30era daude zabalik eta hiru langile egoten dira harrera egiten. Azkenik, Ziordiko ekarpen guneak inausketak, obra txikien hondakinak eta egurra botatzeko tokia du. Hura erabiltzeko udaletxean giltza eskatu behar da. Sare hori handitzeko asmoa du Mank-ek, Irurtzunen garbigune finko bat eginen baitu. 

UtzubarEKOgunea 
Arbizun bost langilek lan egiten dute: hondakin teknikaria, plantako arduraduna, plantako langilea eta bi hezitzaile. Han daude Sakanako enpresek sortutako industria hondakin ez arriskutsuak hartzen dituen hondakindegia eta ibarreko materia organikoa konpost bihurtu eta konposta herritarren artean banatzen duen konpost planta. Eremu berean dago transferentzia gunea, bildutako ontzi arinak, papera-kartoia eta errefusa kamioi handiagoetan kargatzeko tokia. Ontzi arinak Azkoiengo sailkatzeko plantara eramaten dituzte, papera eta kartoia Atarrabiako Solidus San Andres paper fabrikara eta errefusa Tuterako El Culebrete hondakindegi eta biometanizazio plantara.

Horretaz aparte, UtzubarEKOgunean industria hondakin ez arriskutsuen biltegia dago eta han jasotzen dituzte: plastiko gogorra, PVC, silo plastikoa, film, artilea eta egurra pilatzen dugu kamioietan birziklapen bidea emateko. Bestetik, Hondakinaren Gunea izena du konponketa txokoak. Han objektuak konpontzeko eta konpontzen ikasteko tailerrak egingo ditugu, bigarren bizia emanez berrerabilpena sustatzeko. Eta bidean dago Sentsibilizazio Gunea. Hura bisitatzen dutenek hondakinek Sakanan egiten duten bidea ezagutzeko aukera izanen dute. Aldi berean, hondakinak murrizteko eta berrerabilpena sustatzeko ekintzak egitea aurreikusia du zerbitzuak.