Futbola

Futbolari sakandarrak, talde handien jomugan

Guaixe 2022ko ots. 22a, 13:00

Joseba Perez, Oier Gastesi eta Xabier Olaiz.

Villarrealek Haurren Lehen mailako Gazte Berriak taldean jokatzen duen Joseba Perez lakuntzarra fitxatu du datorren denboraldirako. Oier Gastesi Serrano Athletic-eko Gazteen A mailako atezaina da eta Xabier Olaiz Aldaz Lehen Kadete mailako Osasuna B taldeko atzelaria

Villarreal C.F. taldea Nafarroako futbol taldeetan jokalari bila aritu da beste behin, eta lanak fruituak eman ditu, Antsoaingo Haurren Lehen mailako Gazte Berriak taldean jokatzen duen 13 urteko Joseba Perez Fernandez jokalari lakuntzarra (2008) fitxatu baitu datorren denboraldian Villarreal taldeko harrobian jokatzeko. 

Jakina denez, Gazte Berriak taldeak Osasuna futbol taldearekin hitzarmena du eta Osasuna taldeak ere Perez jokalariarengan interesa bazuen. Baita Real Sociedad futbol klubak ere, baina 13 urteko hegal ezkerra izan da Castellongo taldean aritzea nahi izan duena. Familiak adierazi duenez, erabaki zaila izan da, baina semeen nahia hartu dute kontuan, Joseba bera izan delako datorren denboraldian Villarrealera joateko erabakia hartu duena.

Joseba Perezen Gazte Berriak taldea denboraldi bikaina egiten ari da. Haurren Lehen mailako lider sendoa da: jokatutako hemeretzi partidetatik hemezortzi irabazi ditu eta bakarra berdindu. Taldearen zenbakiak ere ikusgarriak dira: 106 gol sartu ditu eta soilik 10 sartu dizkiote. 

Nafarroako 14 urtez azpiko selekzioan Gazte Berriak taldeko jokalari asko daude, Joseba Perez tartean. Hain zuzen ere, asteartean Taxoaren entrenamendu saioa egin zuten eta Osasunako teknifikazio taldearen kontra partida jokatutako partidan 0 eta 4 irabazi zuten. 

Dagoeneko, zenbait futbolari sakandar talde handien harrobietan ari dira trebatzen. Oier Gastesi Athleticen dago eta Xabier Olaiz Osasunan. Gehiago izan daitezke, baina Guaixeko erredakzioan ez da informazio gehiagorik jaso.

Oier Gastesi Athleticen
Oier Gastesi Serrano altsasuarra (2003) Athletic taldeko atezainetako bat da. 1,90 metroko garaiera duen gaztea Altsasu Kirol Elkartean hasi zen atezain eta ondoren Donostiako Antiguoko klubean jarraitu zuen prestakuntza, kategoria ezberdinetan nabarmenduz. Zubietan ere probatu zuen, baina 2021/2022 denboralditik Lezamako atezainetako bat da, Gazteen A mailako taldekoa, hain zuzen ere.

Xabier Olaiz Osasunan
Xabier Olaiz Aldaz altsasuarrak (2007) Osasunako harrobian jokatzen du. Osasunako Kadeteen B taldeko defentsa da, aurretik Altsasu eta Txantrea futbol taldeetan trebatu zen altsasuarra. Nafarroako Kirol Jokoen Lehen Kadete mailan jokatzen du Osasuna B-k, eta lider da jokatutako hamazazpi partidetatik hamasei irabazi eta bakarra galdu eta gero. 

Kategoria txikiagoetan ere zenbait sakandar daude. Esaterako, Adei Mendinueta Perez de Villarreal arbizuarra Osasuna taldeko haurren mailan aritzen da.