Pilota

Azken jardunaldiak guztia erabakiko du

Guaixe 2022ko ots. 18a, 11:40
Imaz, Laso, Altuna eta Martija igandeko partidako material aukeraketan. Altunak eta Martijak zuzenean finalerdietara sailkatzeko aukera asko dituzte. ASPE

Binakako hasierako ligaxkako azken jardunaldia jokatuko da asteburuan eta oraindik ez dago ezer erabakita. Zabaletak eta Martijak lehen bi postuetan sailkatu eta zuzenean finalerdietara sailkatzeko aukera dute, eta Ezkurdiak finalerdietako play-offetara sailkatzeko aukera

Asteburuan Binakako ligaxkako azken jardunaldia jokatuko da eta katedra zoratzeko moduan dago, guztia jokoan dagoelako. Txapelketa bi bloketan banatuta dago –bi txapelketa txiki txapelketa handi baten barruan–, eta jokoan dauden lau partidak erabakigarriak dira. Guztiak. Diario de Noticiaseko Igor G. Vico kazetariaren titularrak modu ezin hobean laburtzen du egoera: "Zazpi bihotzeko eta ziurtasun bakar bat". Egoera halakoa baita.

Sailkapena oso estu dago. Hiru bikok bederatzina puntu dituzte: Irribarria-Rezustak, Elezkano-Zabaletak eta Altuna-Martijak. Laso eta Imaz laugarren dira (8 puntu), Peña II.a-Albisu bosgarren (5 puntu), eta Ezkurdia-Tolosak, Urrutikoetxea-Arangurenek eta Jaka-Mariezkurrenak ixten dute sailkapena, launa punturekin. Beraz, kalkulagailuak hartu eta konbinazio posible guztiak aztertzeko unea da.

Elezkano II.ak eta Zabaletak Jaka-Mariezkurrena dituzte aurkari ostiralean Azkoitian. Lehen bi postuetan sailkatu eta zuzenean finalerdietarako txartela lortzeko, Elezkanok eta Zabaletak partida irabazi beharko dute eta eurekin puntutara berdinduta dauden Irribarria-Rezustaren eta Altuna-Martijaren emaitzen zain egon beharko dute. Larunbatean, Zallan, Ezkurdia eta Tolosa Urrutikoetxearen eta Arangurenen kontra lehiatuko dira. Irabaziz gero, finalerdietarako play-offetara sailkatuko dira, baina galduz gero, txapelketatik kanpo.

Irribarria eta Rezusta Peña II.aren eta Albisuren kontra ariko dira larunbatean Labriten. Liderrek irabaztea nahikoa dute zuzenean finalerdietara sailkatzeko. Galduz gero, arerioen emaitzen zain geratu beharko lukete. Jardunaldia bukatzeko, Altuna III.aren eta Martijaren eta Lasoren eta Imazen arteko partida hartuko du igandean Eibarko pilotaren katedralak. Irabaziz gero, Altuna eta Martija finalerdietarako sailkatuko dira. Eta galtzen badute, arerio zuzenen emaitzek erabakiko dute. 

Promozioan Bakaikoa finalerdietan
Promozioan, hamar puntura berdinduta dauden lehen bi bikoek, Bakaikoa-Elizegik eta Salaberria ordezkatuko duen Dariok eta Erostarbek elkarren kontra jokatuko dute larunbatean Labriten. Irabazi edo galdu, bi bikoteak finalerdietara zuzenean sailkatuko dira.