Pilota

Zabaleta eta Martija finalerdietan eta Ezkurdia sartzeko zain

Maider Betelu Ganboa 2022ko ots. 21a, 11:20

Binakako Pilota Txapelketako hasierako ligaxka bukatuta, txapelketan aurrera egin dute hiru pilotari sakandarrek: Altuna-Martija lehenak eta Elezkano-Zabaleta bigarrenak izan direnez, zuzenean sailkatu dira finalerdietarako eta Ezkurdia-Tolosak play-offa jokatuko dute

Kostata, baina etxeko lanak egin dituzte Binakako Txapelketan lehiatzen ari diren pilotari sakandarrak. Asteburuan hasierako ligaxkako hamalaugarren eta azken jardunaldia jokatu zen, guztia erabakitzeko zegoela, eta bihotzekoa emateko moduko jardunaldian eta merezitako garaipena lortu zuten Zabaletak, Martijak eta Ezkurdiak, txapelketan aurrera egitea ahalbidetu diena. 

Ezkurdia, play-offetan
Larunbatean, Zallan, hil ala biziko partida zuten Ezkurdiak eta Tolosak Urrutikoetxearen eta Arangurenen kontra, Finalerdietako play-offetarako sailkatu ahal izateko irabazi beharra zutena. Gogoratu beharra dago Ezkurdiak eta Tolosak ez zutela txapelketa hasiera ona izan: lehen itzulian soilik puntu bat lortu zuten. Txapelketa ia osoan –hamabi jardunalditan– azken postuan egon ziren, baina behetik gora egin, partidak irabazten hasi, eta bizirik irautea lortu zuen. 

Larunbatean, Urrutikoetxearen eta Arangurenen kontra ez zuten partida erraza izan, 4 eta 11 aurreratu baitziren Baikokoak, partida oso gogorrean. Ezkurdia ez zegoen batere eroso, baina hortzak estutu eta gutxika berdintzea eta 18 eta 16 aurreratzea lortu zuten arbizuarrak eta atzeko aldean oso ongi aritu zen Tolosak. Azkeneko tantoak bihotzekoa emateko modukoak izan ziren, 20na berdindu baitzuten, baina Ezkurdiak egindako azken bi tanto ikusgarriek garaipena lortzea eta finalerdietako play-offetara sailkatzea ahalbideratu zieten, duela gutxira arte inork gutxik espero zuena. 

Ostiralean, finalerdietako lehen play-offean, Ezkurdiak eta Tolosak Iker Irribarria eta Beñat Rezusta izango dituzte aurkari, Donostiako Atano III.ean. Beste play-offa igandean jokatuko dute Peña-Albisuk eta Laso-Imazek, Ogetan. 

Martija eta Zabaleta zuzenean finalerdietara
Ligaxkako azken jardunaldian, Elezkano II.ak eta Zabaletak Jaka eta Mariezkurrena II.a izan zituzten aurkari Idiazabalen. Hau ere partida oso gogor eta lehiatua izan zen, baina Elezkanok eta Zabaletak 22 eta 18 irabaztea lortu zuten, hamargarren puntua lortzea eta zuzenean finalerdietara sailkatzea, puntutara berdinduta zeuden Irribarria eta Rezusta liderrek 14 eta 22 galdu baitzuten Peña II.aren eta Albisuren kontra. 

Bestalde, atzo, igandea, Altuna III.a eta Martijak Laso eta Imaz nagusitasun handiz garaitu zituzten, 22 eta 15, sekulako erakustaldia eginez. Horrela, ligaxkako sailkapenean lehenak sailkatu dira Altuna eta Martija eta finalerdietara zuzenean sailkatzea lortu zuten ere. Elezkano II.a-Zabaleta bigarren izan dira (10 puntu), Irribarria-Rezusta hirugarren (9 puntu), Laso-Imaz laugarren (8 puntu), Peña II.a-Albisu bosgarren (6 puntu) eta Ezkurdia-Tolosa seigarren (5 puntu). Urrutikoetxea-Aranguren eta Jaka-Mariezkurrena azkenak sailkatu dira, launa punturekin, eta txapelketatik kanpo geratu dira. 

Promozioan Bakaikoa finalerdietan
Promozioen Binakakoan Bakaikoak eta Elizegik 22 eta 19 galdu zuten Salaberria ordezkatu zuen Darioren eta Erostarberen kontra. Hasierako ligaxkan bigarrenak sailkatu eta gero, zuzenean sailkatu dira finalerdietarako.