Euskarazko literatura sustatzeko ekimena

Guaixe 2022ko ots. 21a, 11:30

Mendialdeko euskara zerbitzuek, Sakanako Mankomunitateak barne, 'Literatura geraldiak' ekimena antolatu dute, besteak beste, euskaraz irakurzaletasuna ohitura zabaltzeko eta sustatzeko. Sakanan bi solasaldi izanen dira

Baztango Udalak, Bortzirietako Euskara Mankomunitateak, Nafarroako Iparraldeko Euskara Mankomunitateak eta Sakanako Mankomunitateak elkarlanean Literatur Geldialdia ekimena antolatu dute. Proposamenaren helburu nagusiak euskaraz irakurtzeko ohitura eta zaletasuna zabaltzea, herritarren euskarazko kultur kontsumoa indartzea, euskal liburugintza indartzea, liburutegi publikoen erabilera bultzatzea eta esperientzia literarioa elkarbanatzea dira

Proiektuaren izenak dioen bezala, zenbait idazlek geldialdiak eginen dituzte Baztango, Bortzirietako, Nafarroako Iparraldeko eta Sakanako herritan. Hiru ekimen desberdin eginen dituzte: Liburu baten inguruko literatura solasaldiak, lantegiak eta irakurraldi musikatuak.

Aiora Jakak ireki zuen Literatur Geldialdiak ekimena, otsailaren 19an, Etxalekun. Jakak Nirliit liburuaren inguruko literatura solasaldia eginen du, eta bigarren geldialdian Sakanara iritsiko da; Irurtzungo Pikuxarren egonen da martxoaren 10ean, 18:00etan. Martxoaren 26an, 11:00etan, Lesakako Arrano elkartean izanen da Jaka. Nirliit-en inguruko laugarren solasaldia apirilaren 28an, 19:00etan, izanen da, Erratzuko Lixutegian.

Irati Goikoetxea idazleak Herriak ez du barkatuko liburuaz ariko da Larraintzargo Bentan, apirilaren 20an, 18:00etan, eta apirilaren 29an, 18:30ean, Lekunberriko liburutegian. Ekimenak Sakanan eginen duen bigarren bisita Nerea Loiolarena izanen da, apirilaren 21ean, 18:00etan, Irurtzungo Pikuxarren. Epizentroa liburuaren inguruko solasaldia izanen da. Apirilaren 28an, 17:30ean, Loiola Arantzako liburutegian izanen da. Bestetik Mikel Antza Arroz Urez liburuaz ariko da Berako Liburutegian, apirilaren 22an, 19:00etan.

Literatur Geldialdiak ekimenaren barruan ere Ibon Egañak Nola iruzkindu liburu bat? lantegia eskainiko du apirilaren 27an eta urriaren 19an, 18:30ean, Leitzako liburutegian eta Elizondoko Arizkunenean, hurrenez hurren. Apirilaren 23an, Liburuaren egunean, 19:00etan, Aritz Galarragaren eta Ibon RGren Gogoan dut irakurraldi musikatua izanen da Lesakako Harriondoan.