Bazterretik

Akira

Erabiltzailearen aurpegia Mikel Maiza Razkin 2022ko ots. 21a, 13:30

Gaur, lagunok, ene bihotza zabaltzera etorri naiz. Esaidazue oroitzen al zarete zein izan zen zuek inoiz eman zenuten lehen muxua?  Erromantikoki esan nahi dut. Amiñarenak ez dute balio. Nik oroitzapenean daukat finko markatuta. Berotasun eta zirrara haiek behin baino ezin dira dastatu eta betirako ihes egiten dute. Oroitzapenean gelditzen zaizkigu inoiz ahaztu ez ditzagun. Ni (erromantikoa izateaz gain) friki hutsa naiz. Eta ez dut inoiz ahaztuko hain bortizki harrapatu ninduen komikia.


Ez duzue sinetsiko, ez dut oroitzen zein urte zen, baina oroitzen dut ni gaztea nintzela. Pentsa orain duela 10 urte gutxi gora behera. Behin baino gehiagotan neukan izenburua entzunda. Liburuetan batez ere. Japoniar manga bat. Zaharra gainera. DVD batean ikusi nuen idatzita behin, baina ez nintzen inoiz ausartu bideoklubeko dendariari eskatzen. Kondaira bat balitz bezala. Garrantzi handikoa den zerbait, baina ezagutu ezin dena. Hitz bat. Japonieraz: AKIRA.


Behin, aurkitu egin nuen. Iruñeko liburutegi batean. Ez nekien zehazki zertaz hitz egiten zuen, baina banuen susmoa potoloa zela. AKIRA lehenengo sailetik azkeneraino. Serie guztia. Mirari bat agian? Momentu horretan, egia esan, (eta drama alde batera utziz) ez nion garrantzia handirik eman. Kuriositateak harrapatu ninduen, baina bah... momentu hartan ez bainekien inoiz irakurri dudan komiki zirraragarriena neukala nire muturretan.

Lehenengo liburua irakurri eta zirraratuta gelditu nintzen. Komiki honek dena dauka: abenturak, gertakari paranormalak, anarkia, politika, drogak, laguntasuna, gizon zaharren aurpegiak dituzten umeak... Eta formalki bineten konposizioa kristoren dinamikoa, marrazki ikaragarriak, xehetasunez betea.


Nire iritzian Akira bezalako komiki gutxi daude munduan. Honetaz objektibotasunez hitz egiten ez naiz gai. Hortaz, ulertzen dut gehiegikeria dela pentsatzen baduzue. Zuen Akira bilatzera animatzen zaituztet. Murgildu komikien zirraran eta maitemindu zaitezte haien historiekin.