Desfibriladore ikastaroa antolatu du Mank-ek

Guaixe 2022ko ots. 23a, 12:30

Desfibriladorea Lakuntzako plazako autobus geltokiko markesinan.

Martxoaren 21ean izango da, Mankomunitateko egoitzan, baina aurretik online saio bat burutu beharko da

Sakanako Mankomunitateak, Nafarroako Gobernuaren laguntzarekin, desfibriladore ikastaroa eskainiko du, dohainik, martxoaren 21ean, Mank-eko Lakuntzako egoitzan. Ikastaroak hiru orduko iraupena izango du –16:30etik 19:30era–, baina aurretik online saio bat egin beharko dute izena ematen dutenek. 

Ikastaroa sorosleendako, udal langileendako, irakasleendako eta lehen sorospenetan interesa duten edonorendako antolatu du Mank-ek. Besteak beste, bihotz-birikietako erreanimazioa, bizitza arriskuan jartzen duten egoeren aurreko arreta (itotzeak, krisi epileptikoak, bihotzekoak…) eta desfibriladorearen erabilera erakutsiko da. Ikastaroak zati teorikoa eta praktikoa izango ditu (teorikoa online izango da eta derrigorrezkoa izango da hura egitea gero praktikoa egiteko) eta praktikoa martxoaren 21ean landuko da, Lakuntzan. Halaber, urriaren 1ean teoria errepasatu eta hainbat ariketa praktiko landuko dituztela azaldu dute Mank-etik. 

Izena ematea
Martxoaren 9ra arte eman daiteke izena, Mank-eko Kirol Zerbitzuan (948 464 866). Dohainik da. Gehienez ere 24 pertsonendako tokia dago, eta izena ematearen hurrenkera hartuko da kontuan lekua emateko. Plaza guztiak betetzen badira itxaron zerrenda sortuko dute. 

Parte hartzaileek ikastaroa egin izanaren ziurtagiria jasoko dute.