Batera edo bestera, baina D eredua

Guaixe 2022ko ots. 23a, 09:57

Haurrak D ereduan matrikulatzera gonbidatu dute.

Sortzen, Nafarroako Ikastolen Elkarteak eta NIZEk elkarlanean ‘aUPa Euskara! Ahotik mundura’ lelopean iristear dagoen aurrematrikulazio kanpaina honen atarian euskarazko ereduaren aldeko kanpaina abian jarri dute.

Haur Hezkuntzan eta Lehen Hezkuntzan matrikulatzeko epea martxoaren 7 eta 11 artean izanen da. Horri begira, Sortzen, Nafarroako Ikastolen elkarteak eta NIZEk elkarlanean D ereduan matrikulatzearen aldeko kanpaina zabaldu dute. Egitasmoak Euskalgintzaren Kontseiluaren babesa du. “Kanpainak Euskara egungo egoerarako eta etorkizunerako balio positibo eta aberasgarri bezala aurkezten du” adierazi dute hiru erakundeetako ordezkariek. “aUPa Euskara! Ahotik mundura” leloa hainbat euskarriren bidez zabaltzen ari da WhatsAppeko profilen bidez, eta bestelako sare sozialetan ere. D ereduaren aldeko mezua hedatzeko hiru bideo zabaldu dituzte. “Horrekin batera, horrela nahi duten herritar guztiek D eredua aukeratzeko dituzten arrazoiak sareetan partekatzera gonbidatzen ditugu #aUPaeuskara traola erantsiz”.

Hiru erakundeetako ordezkariek azaldu dutenez, “euskarak gure lurraldean bizi duen gutxitze egoera ahaztu gabe, Nafarroako bi hizkuntzak menderatuz heztea eta hori ondorengo ikaskuntza linguistikoetarako oinarria izatea aldarrikatzen da”. Gaineratu dutenez, “Nafarroak bere dituen bi hizkuntzak menderatzeaz aparte, mundura irekiko dituen hizkuntza eskaintzan eskolatzera dei egiten zaie familia gazteei, euskarazko ereduetan matrikulatuz”.