Txirrindularitza

Euskaltel-Euskadik ilusio handiz aurkeztu du denboraldia

Guaixe 2022ko ots. 23a, 11:04

Euskaltel Euskadi Fundazioko aurkezpena, Derion. EUSKALTEL EUSKADI FUNDAZIOA

Jorge Azanza altsasuarrak Euskaltel-Euskadi talde profesionala entrenatzen jarraituko du eta Laboral Kutxa afizionatuen taldean Iker Mintegik eta Ailetz Lasak ekingo diote denboraldi berriari

Euskaltel enpresako Derioko egoitzak hartu zuen, asteartean, Euskaltel-Euskadi Fundazioko 2022 denboraldiko aurkezpena. Hiru taldeak aurkeztu ziren: Jorge Azanza altsasuarrak zuzentzen duen Euskaltel-Euskadi Pro-Team talde profesionala, eta Ion Lazkanok zuzentzen dituen Laboral Kutxa emakumezkoen taldea eta afizionatuen mailako Laboral Kutxa taldea. Azken honetan bi txirrindulari sakandarrek jarraitzen dute: Ailetz Lasa ziordiarrak eta Iker Mintegi altsasuarrak. 

Euskaltel-Euskadi taldeko Jesus Ezkurdia managerrak taldeak duen “ilusioa” nabarmendu zuen. “Euskaltel-Euskadi bihotzetik uler daiteke, sentimenduetatik eta ilusiotik. Proiektu honetan 10 gaztetxorekin hasi ginen Jorge Azanza, mekanikari bat eta hirurok. Mikel Landari proiektuaz gehien erakarri ziona harrobia izan zen, txirrindulari belaunaldi oso ona zetorrela iruditzen zitzaion. Denbora behar genuen eta denbora eman ziguten, eta lanak fruituak eman ditu: World Tour talde ona dugu, afizionatuen harrobi bikaina eta emakumezkoen taldea”. 

Euskaltel-Euskadik eta Laboral Kutxak ahalik eta lan onena egin nahi dute denboraldi honetan. World Tour profesional mailako taldearen helburuetako bat Vueltako gonbidapen preziatuetako bat jasotzea da, “proiektua hazten jarraitzeko ezinbestekoa”. Horretarako, lasterketa garrantzitsuetan ongi aritzea da asmoa eta emaitzak etorriko direla ez dute zalantzan jartzen, Jorge Azanzak esaten duen moduan “lasterketa guztiak azkenak balira bezala” jokatzen dituztelako. 

Atzetik, saltoa emateko prest dagoen harrobia dator. “Txirrindularitza proiektua da gurea, eta horrek desberdin egiten du” nabarmendu zuen Ezkurdiak.