Sakanako Mankomunitateak Kirolaren Saria jaso du

Guaixe 2022ko ots. 23a, 13:00

Kirolaren Saria jaso zutenak. NAFARROAKO GOBERNUA

David Oroz Alonso presidenteak toki-entitate onenaren saria jaso zuen Nafarroa Arenan egindako ekitaldian, Kirol Zerbitzuak ariketa fisikoa sustatzeko martxan jarri duen Sakana Eskualde Aktiboa Zerbitzuagatik

Asteartean Nafarroa Arenan antolatutako ekitaldian Nafarroako Gobernuak 2021ean kirolean gehien nabarmendu ziren pertsona, klub eta erakundeak saritu zituen. Kirolaren Saria 2021 sariketan guztira hamaika sari banatu ziren, eta horietako bat Sakanara etorri zen, toki-entitate onenaren saria jaso baitzuen Sakanako Mankomunitateak, sakandarren artean ariketa fisikoa eta kirola sustatzeko Sakana Eskualde Aktiboa Zerbitzuagatik. 

Mank-eko presidente David Oroz Alonsok jaso zuen saria. Berarekin batera Kirol Zerbitzuko teknikari Amaia Gerrikagoitia Uriarte eta Sakana Eskualde Aktiboa Zerbitzua kudeatzen duen Dani Echávarri Manjón kirol orientatzailea egon ziren. 

Ttipi-ttapa paseoak, orientazioa…
Mank-eko Kirol Zerbitzuaren helburu nagusietako bat sakandarrak aktibo izatea da, egunerokotasunean ariketa fisikoa barnera dezatela, bizitza kalitate hobea izango dutelako. Helburu hori gauzatzeko jaio zen Sakana Eskualde Aktiboa Zerbitzua. 

Eskualdeko osasun etxe, gizarte zerbitzu eta udalekin elkarlanean lan egiten du Sakana Eskualde Aktiboa Zerbitzuak. Dani Echávarri orientatzaileak, besteak beste, Ttipi-Ttapa paseo osasuntsuak gidatzen ditu Sakanako zenbait herritan (Urdiain, Bakaiku, Etxarri Aranatz, Lakuntza, Arruazu, Uharte Arakil, Irurtzun…), ariketa espezifikoko saioak gidatzen ditu eta sakandarrei aholkularitza eskaintzen die. Hau da, pertsona bakoitzari hobekien dagokion ariketa fisikoa zein den aztertzen du eta Sakanan non egin dezakeen begiratu. Horrekin batera, beste hainbat ikastaro eskaintzen dira zerbitzuan, eta nerabeendako SKE kluba sortu da, nerabeak ere aktibo nahi dituztelako.

Aurki Altsasura
Zerbitzua Etxarri Aranatz eta Irurtzun osasun zentroen baitako herrietan gauzatzen ari da, eta aurki Altsasuko osasun zentroak hartzen dituen herrietara iritsiko da. 

Esnaolaren eskertza
Rebeca Esnaola Kultura eta Kirol kontseilariak saritu guztiek kirolaren alorrean egiten duten lana eskertu zuen, eta ekitaldian nabarmendu zuenez, “entitate eta pertsona horiek kirolaren balioak gainditzeko, jarraikitasunerako, ardurarako, ahaleginerako, berdintasunerako edo integraziorako grina dute. Nafarroa kirolaren lurra da, eta kirolak balio sendoak transmititzen ditu. Geroz eta nafar gehiagok egiten dute ariketa fisikoa, eta emakumearen presentzia geroz eta handiagoa da, poztekoa”. 

Gainontzeko sarituak
Sakanako Mankomunitatearekin batera, ondoko kirolari, talde eta entitateak jaso zuten saria: Carlota Ziganda golf jokalariak eta Joko Olinpikoetan 100 metro hesietan seigarren sailkatu zen Asier Martinez atletak kirolari onenen saria jaso zuten, Osasuna Futbol Taldeak eta Amaia Gimnasia Erritmikoko taldeak talde onenen saria, Paula Ramirez taekwondo epaileak epaile onenaren saria, Jose Javier Unzué saskibaloi entrenatzaileak entrenatzaile onenaren saria, San Juan kirol klubak klub onenaren saria, Nafarroako Saskibaloi Federazioak federazio onenaren saria, Miguel Angel Garcia Mitxelena Estella Txirrindularitza Taldeko zuzendaritza taldeko presidenteak zuzendari onenaren saria eta Nafarroako Futbol Federazioak kirol balioen saria.