Areto futbola

Jardunaldi gogorra Aralar Mendi eta Xota taldeendako

Guaixe 2022ko ots. 24a, 11:00

Aralar Mendi eta Xotaren arteko derbia.

Hirugarren maila. Hamabosgarren jardunaldia: Aralar Mendi 1 – Mateo Muñoz Ribera de Navarra 7 / Xota 3 – Garbayo Chivite Cintruenigo 7

Asteburuan Hirugarren Mailako Areto Futbol Txapelketako hamabosgarren jardunaldia jokatu zen, jardunaldi benetan gogorra gure taldeendako. Aralar Mendik Mateo Muñoz Ribera de Navarra liderra hartu zuen Uharte Arakilgo Larrebieta pilotalekuan eta jipoi ederra jaso zuten sakandarrek, 1 eta 7 galdu baitzuten. Ribera de Navarra taldeak argi utzi zuen zergatik den Hirugarren mailako lider. 

Xotak sailkapenean laugarren den Garbayo Chivite Cintruenigo taldea hartu zuen Atakondoa kiroldegian. Xota izan zen aurreratu zena, baina Cintruenigok berehala berdintzea lortu zuen eta bi zorigaiztoko jokaldietan 1 eta 3 aurreratzea lortu zuen, Xotako bi jokalarik ate propioan sartu eta gero. Irurtzundarrak egoerari buelta ezin eman zebiltzan bitartean, Erriberakoen gol festak jarraitu zuen partida bukaeran Xotak 3 eta 7 hurbiltzea lortu zuenera arte. 

Hirugarren mailako lider jarraitzen du Mateo Muñoz Ribera de Navarra taldeak (39 puntu). Galdu eta gero Aralar Mendi zortzigarren da (14 puntu) eta Xota hamaikagarren (7 puntu)

Aralar Mendik gaur jokatuko du, osteguna
Gaur, osteguna, Aralar Mendik beste partida zaila du aurretik sailkapenean bigarren den Universidad de Navarra izango baitu aurkari, 19:45ean, OPUS-eko Unibertsitatean. Xotak ostiralean jokatuko du, 20:30ean, sailkapenean hamargarren eta arerio zuzena duen Anaitasunaren kontra, izen bereko pabilioian.