Astekaria

"Bereizgarria da bateragarri direla ohiko erabilerak eta ondarearen kontserbazioa"

Alfredo Alvaro Igoa 2022ko mar. 3a, 14:27

Andiako ikuspegia eta artzain txabola bat. ARTXIBOA

Ostiralean 25 urte bete ziren Nafarroako Parlamentuak Urbasa-Andia natur parke izendatu zuela, Nafarroako Gobernua arduratzen da hura kudeatzeaz

Natur parkeak 21.40 hektareako azalera du horrela banatuta: 4.700 hektarea Andian, 11.399 Urbasan, 5.190 hektarea Limitazioak mendian eta 119 hektarea Urederra ibaiaren iturburuan. Mendiak bi jabe ditu: Nafarroako Gobernua eta Limitazioak mendiko Batzordea. Landa Grapen, Ingurumen eta Toki Administrazio Departamentuko baso eta zinegetika zerbitzuko basogintzako plangintza eta ingurumen hezkuntza ataleko baso ondarearen negoziatua arduratzen da Urbasa-Andia natur parkearen kudeaketaz. Gregorio Oyaregui Arriada basogintzako plangintza eta ingurumen-hezkuntza ataleko baso ondarearen negoziatuko arduraduna da.

Urbasa-Andia nafar guztiena da. Zergatik?
Historiak hala ziurtatzen du. Hasieran Nafarroako Koroarena izan zen. Baina, historikoki, eskubideak errespetatu dira. Garai batean lehen sektorea askoz ere garrantzitsuagoa zen eta mendiaren perimetroko herriek belarraz eta egurraz baliatzen ziren, beti ere, justifikatuta bazeuden. Koroarena zen, eta pentsatzen dut, hiritar nafarrek egindakoaren esker onez, nafar guztiei belarra baliatzeko eskubidea aitortu ziela. Jakina, gertuago zeudelako sakandarrek eta ameskoarrek eskubide gehiago zituzten. Ordutik horrela mantendu da. Nafarroan bakarra den berezitasun hori du Urbasa-Andiak. Ohituran oinarritutako eskubideak dira. Eta Nafarroan ohitura lege da. 

Zeinek kudeatzen du?  
Garai batean Nafarroako Gordeetako agintariek, ondoren Nafarroako Diputazioa… Beti Nafarroako erakundeek kudeatu dute. Nafar guztien izenean Nafarroako Gobernuak kudeatzen du gaur egun. Argi izan behar da: herri baso eta mendietan administrazioak beti eskua hartzen du, araudiaren bidez. Horrela, mendiaren iraunkortasun eta kontserbazio printzipioak bermatzen dira. Baita baso baliabidea hobetzea ere. Hori betidanik da horrela. Erregeak esaten zuen: armada prestatu behar dut. Mendia gehiegi ustiatzearen beldur ziren. Eta basoa ez desagerrarazteko neurri batzuk zehazten zituzten. Bestela, baliabideak galduko lituzkete. Nafarroako lehen ordenazio agiri arautua 1093koa da. Eta haren barruan dauden mendien artean Urbasa-Andia dago. 

Natur parkeaz arduratzen den egitura propioren bat dago? 
Ez, baso ondarearen negoziatuaren barruan dago. 

Herri baso eta mendietan administrazioak beti eskua hartzen du

Natur parkearen kudeaketaren irizpide nagusiak zein dira?
Duela 25 urte teknikariek adierazi zuten han bazeudela natura, paisaia, arkeologia, kultura balioak eta ohiturazko erabilerak. Horrek guztiak babestea eta natur parke katalogazioa merezi zuela esan zuten. Arkeologia, geologia, hidrologia ondare osagarriak daude. Urbasa-Andia natur parkearen bereizgarria da bateragarri direla ohiko erabilerak eta ondarearen kontserbazioa. Ohiko jarduera Nafarroako Gobernuaren eta ordenazio proiektuaren irizpideen arabera kudeatuta. Horretarako, baso eta larre ordenazio proiektuetan oinarritzen gara. Eta 2020an erabilera publikoko plana egin genuen hirugarren sektorearen jarduera arautzeko. Horrela guztiaren bateragarritasuna bermatu nahi dugu, guztia indartuta ateratzeko. Talkak egon daitezkeela lehen sektoreko aprobetxamenduen eta hirugarrenekoen artean. 

Zein lantaldek kudeatzen du natur parkea?
Mendi ingeniari bat arduratzen da, ni. Bost basozainen laguntza dut. Haiek abeltzaintza, baso kudeaketa eta jarduera publikoari buruzko guztiaz arduratzen dira. Lanaldiaren %80 inguru aritzen dira Urbasa-Andian. Gainera, GAN enpresa publikoko teknikari bat abeltzaintzari lotutakoekin aritzen da. 

Natur parkea kudeatzeko erakunderen bat dago? 
Araudiagatik, natur parke guztiek patronatua dute, urtean behin biltzen dena. Informatiboa eta kontsultarako da, ez da exekutiboa. Hori jabeen eskumena da. Perimetroan dauden udal, erakunde, lotura edo interesa duten elkarteetako ordezkariak daude patronatuan. Erakunde irekia da. Esaterako, talde berri bat sortzen bada eta patronatuan egon nahi badu, ez dago batere arazorik. Patronatuaren bileran egin denaren berri ematen da. Eta, ondoren, patronatuko kideendako galde-erreguen txanda zabaltzen da. Mahai gainean jartzen diren eskaera guztiak aztertzen dira. 

Patronatuaren barruan lantaldeak daude?
Urtean behin bildu eta informazio guztia ematen da. Aurreko legegintzaldian kontseilariak, logika osoz, lan mahaiak osatzea erabaki zuen. Haietan, interesatuekin batera, abeltzaintza, basozaintza eta erabilera publikoari buruzko gai jakinak zehatzago lantzen dira. Patronatuko parte hartzaile guztiak gonbidatu genituen lan mahaietara. Mahaiak eratu eta pandemia iritsi zen, horrek ez digu lan mahaietan lan handia egiten utzi. Parte hartzaileek eskatu ahala egiten dira bilerak. Urtean bitan biltzen ari gara, eta nahikoa eta sobera da. Bilerak askoz ere eraginkorragoak dira. Patronatuaren bilera egunerako “etxeko lanak” egiten ditugu, interesa dutenek zer ari den jakitun dira. Lan egiteko modu eraikitzaileagoa da. 

Lan mahai batean aztertutakoa besteei jakinarazten zaie? 
Ez, mahaiak independenteak dira. Patronatuaren bileran jakinarazten da guztia. Baina, esaterako, abeltzainak biltzen dituen Larreen Batzordea hiru lan mahaitan ordezkatuta dago, informazioa nahi duelako eta hiru arlotan ekarpenak egin nahi dituelako. Haiekin erlazio estua dugu aska, azienda kamioietan sartzeko itxitura, bide, baltsa azpiegitura guztia mantentzearen inguruan aritzeko.  

Abeltzaintza 

Zenbat buru igo ziren joan den urtean?
35.000 buru inguru. 

Zein dira lehentasunak?
Ura. Eta tuberkulosiaren kontrako albaitaritza osasun estrategia handia dugu. Tuberkulosiaren bakteriak lokatza dagoen tokitan garatzen dira (aska eta baltsak). Nafarroako bataz bestekoa baino tuberkulosi kasu gehiago daude. Horretarako estrategia da edateko ur tokiak eta lokatz horiek sor daitezkeenak hobetzea. Eta toki batzuetan gehiegizko artzaintza eragozteko azienda gehiago barratzea, erosiorik ez egoteko, habitatak ez hondatzeko. 

Nola erabakitzen da zein inbertsio egin?
Larreen Batzordeari bere bazkideek premien berri ematen diote eta batzordeak, urtero, urte hasieran jakinarazten dizkigu. Basozainek eta GANeko langileak bere lehentasunak zehazten dizkigute. Eta horren eta dugun aurrekontuaren arabera, ahal diren lanak egiten ditugu. 

Eta horretarako lanetarako zenbateko aurrekontua duzue? 
Premien arabera aldatzen da. 2019an Urbasako arrasoko iturburu bat desagertu zen. Dirua opatzeko ahalegin berezia egin behar izan genuen. Urte hartan 200.000 edo 250.000 euro inbertitu genituen. Dauden eskaerei erantzuna ematen diegu gure erritmora. Premiazkoa edo larria dena eginez. Ur azpiegiturak, tuberkulosiaren kontra egiteko eta azpiegiturak hobetzeko politika argia dugu. Hau da,  askak aldatu, baltsak hobetu, sasitza kendu azienda gehiago barratzeko… Hainbeste daude kontserbazio egoera txarrean, hondatzen dira, matxura txikiak eta kentzea erabakitzen dugu. 

Urte anitzetako plangintza dago? 
Larreen ordenazio proiektua eta estrategia ditugu. Larreek jasan dezaketen karga 35.000 buru ingurukoa dela dakigu. Abeltzainen larre eskaera mantentzen ari da azken urteetan. Behi eta zaldi aziendek pitte bat gora egiten duten bitartean ardi aziendak beherako joera du. Proiektuak kargak mantentzea eta larreak hobetzeko eta kontserbatzeko balio du. 

Basogintza 
Zein dira lehentasunak?
Baliabideak mantentzea. Urbasan betidanik basoa ustiatu da. Mendeetako ustiapenaren ondoren Urbasako basoek kontserbazio halako kalifikatzailea dute, mendia lehenik natur parke eta ondoren Kontserbaziorako Eremu Berezi izendatu dutela. Beraz, baso kudeaketarekin segitzen dugu, asko jota pixka bat hobetzen. 

Baso kudeaketa jasangarria sustatzen du gobernuak. Nola egiten da hori? 
Ziurrenik gutxi gehitzen duten adjektiboak dira. Historikoki jendeak nola egin duen ikusi beharko genuke. Baso kudeaketan beti administrazioak esku hartu du. Orokorrean, Nafarroako basoek kontserbazio maila handia dute, bere historia legedian oinarrituta, bere baso kudeaketan eskumen esklusiboetan oinarri hartuta. Nafarroan baso kudeaketa eredugarria izan da. 

Gu ez gara basoak egiteko gai, oinordetzan jaso ditugu. Nola egiten da jasangarria? Gu ohiko kudeaketari ñabardura txikiak gehitzen ari gatzaizkio, horrela ahuldu diren balioak indartzeko. Esate baterako, basoan hildako egurra izaten interes handia dugu. Basoan hildako egur gehiago izan orduan eta espezie dibertsitate handiagoa dugu. Eta jabetu gara hori ona dela basogintzarako eta kontserbaziorako. 

Dibertsitatearekin ere kezka dugu. Tradizionalki, pagoa ez zen guztia zuhaitz txartzat hartu eta mozteko joera zegoen. Pagadiaren dibertsifikazioan asko lan egiten ari gara, horretarako, aberasteko landaketa txikiak eta beste egiten ari gara. 

Azken urteetan konifera asko moztu dira.
Birpopulaketa horiek zertan oinarritu ziren ikusi beharko litzateke. Baliteke egur ekoizpena dibertsifikatzeko estrategia izatea. Erretxinatsuak edo pagoak moztea ez da gauza bera. Agian pago egurraren merkatua gainezka egon zitekeen eta koniferenak merkatu hobea zuen… duela 60-80 urteko estrategiak dira. Gaur egun ez ditugu hain beharrezko jotzen. Pitteka-pitteka naturalizatzen saiatzen ari gara. Baina paisaia dibertsitatea ematen dute, aziendak abarorako asko erabiltzen ditu… Ikusiko dugu. 

Edozein herriren modura, Urbasa-Andiak baso kudeaketa plana izanen du, ezta? 
Hala da. Mozketak programatuta daude. 

Kontserbazioa 
Anfibioei jarraipena egiten zaie. Zergatik? 
Anfibioendako eremu berezia delako. Natur parkeak bi logotipo ditu bata tritoi batekin eta bestea trikuharri batekin. Urtero kontrolak egiten ditugu. Egoera egonkorra da, onerako joerarekin. Biodibertsitate Zerbitzuak dinamizatu eta kontrolatzen du. eta baltsak eraikitzen ditugunean jasangarritasun edo kontserbazio irizpideak kontuan izaten ditugu. Duela 20-25 urte PVCzko baltsak egiten ziren. Material oso kutsakorra izateaz aparte, anfibioek haren gainean irrist egiten zuten eta arazo handiak sortzen zituen. Orain EPDM lamina batekin egiten ditugu. Material oso bizigabea da, kautxuak dira. Haren gainean lurra botatzen dugu, baltsa guztia lurrez estali arte. Horrela bateragarria egiten dugu ur hornidura eta anfibio eta bestelako komunitateen kontserbazioa. 

Hegaztiren bati jarraipena egiten zaie?
Urbasa-Andia Aralarko ugatzen eremuaren barruan dago, baina ez daude mendian. Ugatzak mantentzeko azienda behar du. Aralarren eta Urbasa-Andian dagoen azienda guztiarekin ugatzak bertan kokatzeko toki aproposa bihurtzen dute. 

Putreak eta abeltzainak azkenaldian ez daude oso lagunkoi. 
Natur parkean ez dugu arazorik, herrietan dago. Gai polemikoa da. Dugun sai populazioa nahikoa handia da. Gatazkak sortu daitezke. Gure arazoa da putreek ur puntuak inbaditzen dituztela: bainatzera sartzen dira, ura zikintzen dute eta ondoren aziendak ur hori ez du edan nahi. Asketan saien kontrako azpiegiturak jartzen ari gara. Aurten putreak bainua hartzeko baltsa bat egin nahi dugu. Ea haiendako erakargarria den tokiren bat opatzen dugun eta askak bakean uzten dituzten. 

Eta ugaztunei?
Erbiaren jarraipena egiten da. Mendia erbiaren Nafarroako erreserba onenetakoa da. Printzipioz, ehizarik ez dago, beretako natur gune oso onak ditu, herrietako dermioak baino aldaketa gutxiago dituelako mendiak… Erbiarendako arazo dira luberritze lanak, bazkarako laborantza intentsiboa… Natur parkean indize onak daude. Hala ere, Sakanan badaude. Azeriak azkarragoak dira, eta gehiago jotzen dute herrietara eta granjen ingurura, badakitelako jatekoa dagoela. Nik mendian basurdeak edo erbiak ikusi ditut, baina azeririk ez. 

Turismoa 
Pandemiarekin mendi joa handitu dela sumatu dugu. Esku artean dituzuen datuek hala diote? 
Datuek antzeko presioa mantentzen ari dela diote. Natur parkean bisitariak kontatzea zaila da, sarbide bat baino gehiago dituelako. Datuekin ezin dugu esan presio handiagoa izan denik, baina erabilera publikoko kudeatzaileen eta basozainen sentsazioa da astebururen batean aurretik ikusi gabeko egoerak ikusi dituztela. Susmatzen dugu gero eta presio handiagoa dagoela. Urederran, han bisitariak kontatzen dira, aurreko urteetako antzeko bisitari kopuruak ditu. 

Xendak, arreta gunea, kanpina, natura interpretatzeko zentroa, pista sare guztia… hori guztia nola kudeatzen da?
Erabilera publikoko plan bat egiteko beharra ikusi badugu, estrategia bat nahi dugulako da. Kontrolik gabeko erabilera batek afekzioak sortzen ditu. Batzuetan lurraren, espazio jakinen kontserbazioari edo ohiko erabileren bati elkar eragiten diote afekzioek. Esaterako, txakur edo maskota ugari egoteak abeltzaintzarekin mesfidantza eta arazo handiak sortzen ari da. 

Urbasa-Andia espazio librea da. Edozeinek motxila hartu eta buelta bat eman dezake. Jarduera bateragarria da. Gaur arte hala izan da eta horrela jarraitzen du. Eta hori jaso da erabilera publikoko planean. Baina xarmadun pagadiko ibilbidean eskaera basatia izan du. Ez zegoen kartografiatuta, ez zegoen kudeatuta. Urtero jende pila joaten da. Eta kontrolatuta ez dagoenez, jendea toki guztietatik igotzen da, gauzak zainetatik ateratzen hasten da, idazten… Planak zehaztu du ibilbide batzuk erregularizatu behar ditugula. Aipatutakoa eta Ubabakoa dira. 

Sustatu nahi ditugun ibilbide guztiak errebisatu ditugu, mantendu nahi ditugunak, eta presioaren parte handiena harantz bideratuko dugu. Ibilbide bakoitzari eman nahi dizkiogun helburuak berraztertu ditugu. Eskainiko ditugun ibilbideek aukera emanen dute ezagutzeko mendia natur parke bihurtu zuten balioak: geologia, arkeologia, ohiko erabilerak, kontserbazioa. Egungo ibilbideak mantenduz. 
 
Bestela, oinez, bizikletan, bakarrik, talde txikian joan zaitezke. Ohiko jardueraren parte da. Guk ardura sustatu nahi dugu, arazoak saihesteko. Hedadura falta da gehien mugatzen ari zaiguna, beldur gara jendea mendian galtzea edo min hartzea. 

Zoritxarrez, jendea non, hondakinak han. 
Garai batean edukiontziak jarri ziren mendian sortzen diren hondakin guztiak ateratzeko. Baina diru kostua izateaz aparte, ez zaigu bidezkoa iruditzen. Natur parkea bisitatzera doanak berez ez ditu hondakinak sortzen. Aurten edukiontziak kendu egin ditugu. Jasangarritasun eta ardura estrategia baten barruan gaude. Jendea arduratsua eta solidarioa izan dadin nahi dugu. Jendeari erakutsi nahi diogu parkeak ez dituela hondakinak sortzen, bisitariek baizik, eta, beraz, bisitariek bere hondakinak hartu eta etxera eraman behar ditu. Eta etxean dagokion tokian utzi. Joan den urtean egin zen kanpaina hori. Inpresioa ez da txarra. 

Natur parkean autoz ibiltzeko baimena behar da. Nik, abeltzainetik ezer ez dudana, 17 ardi erosi, azpiegiturarik ez, beste batek zaindu diezazikidala, eta autoz ibil naiteke mendian. 
Hala da. Azken bizpahiru urteetan baimenekin gero eta murriztaileago izaten ari gara. Kontrolatu nahi dugu. Urbasa-Andian delituak eta arau-hausteak egiten dira: azienda lapurtzen da, sabotajeak, legez kanpoko ehiza, zizak hartzera sartzen den jende pila… Gainera, abeltzainen batek baimena utzi dion jendearekin topo egin dugu. Neurriak hartu ditugu. Eta aipatutako kasua nola eragotzi aztertzen ari gara. Joan den urtean hamar UGM (abeltzaintza unitate nagusi) behar ziren, beraz, 17 ardirekin aurten ezin izanen duzu txartelik izan. 

Kezkatzen gaituen zerbait da. Mendian dabiltzan ibilgailuen kopurua ahalik eta gutxien izaten saiatzen ari gara. Horretan ari gara. Zuk ezin baduzu sartu izaten da zure autoa natur eta ohiturazko balioen kontserbazioarekin bateragarria ez delako. Eta abeltzainek eta baso lanetakoek ezin dute nolanahi ibili. Bestela, seinaleztatutako tokietan besterik ezin da aparkatu. 

Klima aldaketaren kontra Urbasa-Andiak ekarpena egin behar du, baina gizarte guztiak egin behar du. 

Azkenik, klima aldaketara egokitu beharko du natur parkeak, nola?
Basoko partzela batzuetan parametroak aztertzen ari gara, klima aldaketari begira zer erantzun dauden aztertzeko. Atlantiko eurosiberiar eremutik mediterraneokora aldatzen ari gara. Pagadiei jarraitu egin behar zaie, nola aldatzen diren ikusteko. Pagoa berdin funtzionatzen ari da. Baina gehiago kezkatzen gaituzte prezipitazio erregimenak, lehorte luzeak, larreen aprobetxamendua, hotzak, plagak ugaritzea, basurdearekin ondoko eremuetan zer gertatzen ari den…  

Klima aldaketaren kontra Urbasa-Andiak ekarpena egin behar du, baina gizarte guztiak egin behar du. Esaterako, edukiontziak eta hondakinak. Hori da klima aldaketaren kontra borrokatzea, eta ez urtero hondakinak jasotzeko kamioi batean 15.000 euro gastatzea. Diru hori ur puntuak, erretegiak eta beste konpontzeko erabil daiteke. Ez da ekonomia aurrezpenerako neurria, aurrekontu kudeaketa egokirako neurria da. Halako neurri txikiekin klima aldaketaren kontra egiten dugu guztiok. 

Baso arloan gure estrategia dugu. Badakigu dentsitateak pixka bat txikiagoak izan behar duela, eta abar. Egunerokoan zero kilometroko materialak erabiltzen saiatzen gara. Klima aldaketaren kontra egitea bizimodu bat da, ez neurri jakin bat indarrean jartzea. Ezartzen ari garen ohiturak dira. 
 
Laburrean
Urbasa-Andiako jauregia gero eta egoera okerragoan dago, teiladura erortzen eta inor ez sartzeko hesiz inguratuta dago. Zein asmo ditu gobernuak? 
Turismoren eskumena da eraikin hori. Ez dakit zertan den. 

Ipar-eskia praktikatzeko soilik Otsaportilloko pista erabili daiteke, ezta? 
Bai. Urbasa-Andiaren onena da orain arte horrela ongi funtzionatu duela. Masifikazioa arriskutsua da. Dauden eskiatzaile gutxiendako inguruan dauden aparkalekuak nahikoak dira. Baina jende gehiagok egiten badu, jarduera arriskutsua izan daiteke. Esandakoa, mendi guztitik ibili daiteke momentuz, afekziorik ez delako sortzen. Baina jarduera bat masifikatzen denean sortzen dira arazoak. Eta orduan, posible da, gu mugak ezartzen hastea. Nahikoa muga ditugu. Ideia da orain arte bezala segitzea. Eta espazioak dituen sekretuak gordetzea ere kontua izan behar da. Batzuetan Turismorekin gatazkak ditugu. Haiek batzuetan bisitari gehiago nahi dituzte. Eta hori ezarritakoaren eta kontserbazioaren kontra doa. Guztion artean kontserbatu behar dugu. 

Beriainerako igoera oso ibilia. Lehen sigi-saga igotzen zen bidea. Gero eta zuzenagoa da bidea. Neurriren bat hartuko duzue?
Asko ikusten da, bai. Berez periferian dago, ez da natur parkearen eskumena, herriena baizik. Ibilbideak baimendu zirenean beldur bera zegoen, eta eskailerak eta bestelakoak jarri ziren erosio prozesuak saihesteko. Herriek begiratu beharko lukete, nola txikiagotu eta naturalizatu daitekeen ikusteko. Lurraren trinkotzea saihestezina da, baina erosio prozesuak pixka bat zuzendu litezke eskailera modukoak sortuz. 

Lizarragako portu gaineko harrobiarekin zer gertatuko da?
Erabilera eta kudeaketa planean jasoa dagoenez, 2023ko abendura arteko kontzesioa du. Ikusiko dugu nola konpontzen den egoera. 

Urbasa-Andia hegoaldean haize errota parkeak eta argindarra ebakuatzeko lineak jarri nahi dituzte.
Natur parkeko mugan aurreikusi dute. Nafarroako Gobernuaren ingurumen inpaktu aitorpen negatiboa du. Uste dut enpresak uko egiten duela. Baina natur parkean ez dago halakorik ezartzeko aurreikuspenik.