Europar Batasuneko (EB) garraio sare transeuroparraren politikak (TEN-T politika deiturikoa) EBko garraio sare eraginkor, zabal eta multimodal bat eraikitzea du helburu. Trenbideak, barne-ubideak, itsas nabigaziorako bide laburrak eta hiri nodoekin lotutako errepideak, itsas eta barne-portuak, aireportuak eta terminalak barne hartuko ditu. Politika tresna giltzarri bat da EBn zehar kalitatezko garraio azpiegitura koherentea garatzeko.
Joan den urte bukaeran EBk TEN-T Erregelamendua berrikusi zuen. Horrek, “benetako aukera eskaintzen du gure garraio-sarea etorkizunean egokitzeko, eta TEN-T gehiago egiteko EBn Green Deal Europako helburuei aurre egiten laguntzeko”, hala adierazi dute Bruselatik. Azaldu dutenez, gaitasun handiko sare hori hiru mailatan osatuko da pixkanaka: sare zentrala 2030erako eta sare zentral hedatua eta sare zabal osoa 2040rako.
Berrikuspen prozesuaren ondorioz, 2030erako sarean bete beharreko eskakizunak barne hartzen ditu. Europako Garraio Korridoreak, Funtsezko Korridore Sarea eta Merkataritza Tren Korridoreak integratu nahi ditu EBk. Aldi berean, abiadura handiko Europako sarea garatu nahi du. Horren guztiaren bidez garraio-konexioak eta sareko interoperabilitatea bermatu nahi du. Eta guztia garraio sektorea dekarbonizatzeko helburuak bete beharko direla.
TEN-T erregelamenduak Europako bederatzi garraio korridore ditu eta Sakana Atlantikoko korridorean kokatzen da. 2013an ezarri zena orain berrikusi du EBk eta Espainiako Gobernuari hainbat proposamen edo gomendio egin dizkio. Trenbidearen arloan proposatu dio zenbait tokitan aurreikusitako Abiadura Handiko Trenen ordez egungo trenbidea egokitzeko. Horien artean dago Iruñea eta Gasteiz arteko linea. Beraz, EBrendako bi hirien artean trenbidea modernizatzearekin nahikoa litzateke.
EH Bildu
Koalizioak iragarri du Espainiako Gobernuak Araban eta Nafarroan proiektatuta dituen AHT azpiegitura guztien tramitazioa eteteko eskatzeko ekimenak erregistratuko dituela. Era berean, bai Nafarroako zein Gasteizko Parlamentuetatik, Eusko Jaurlaritzari eta Nafarroako Gobernuari ere hausnarketa sakon bat egiteko gonbitea luzatuko die EH Bilduk.
Unai Fernandez de Betoño EH Bilduko legebiltzarkide arabarrak esan zuenez, “argi dago herri honen historiako inbertsio publiko handiena zentzugabekeria hutsa dela, ez duela arrazionaltasun ekonomikorik, garestiegia delako, eta gizarte honen gehiengo zabalarentzat mugikortasun eta garraio beharretarako desegokia delako”. Bel Pozueta EH Bilduko Nafarroako diputatuak gogorarazi zuenez, Espainiako aurtengo aurrekontuetan 200.000 euroko partida bat dagoela “Burgos-Gasteiz-Iruñea-Zaragoza arteko prestazio handiko trenen eta trafiko mistoaren (merkantziak) zirkulaziorako trenbide azpiegiturak hobetzeko eta egokitzeko informazio azterlan bat idazteko”. Horri jarraipena eginen diotela gaineratu zuen Pozuetak. Gaineratu zuenez, “premiazkoa da herriak behar duen” trenbide-garraio ereduari buruzko eztabaida politiko eta sozial zabala garatzea.
Ahal Dugu
EBren txostena kontutan izanda, Ainhoa Aznarez Igartua parlamentariak Nafarroako Gobernuari txostenaren inguruan galdetu zion osteguneko bilkuran. Bernardo Ziriza Perez Lurralde Kohesio kontseilariak erantzun zuenez, “Estatuko gobernuak inoiz ez du proposatu Iruñea eta Euskal Y arteko lotura egiteko AHT ohiko trenbideagatik ordezkatzea. Eta ez du horretarako asmorik. Hori da gure bide orria, eta hala izaten segituko du”. Kontseilariak jakinarazi zuen Espainiako eta Euskadiko gobernu ordezkariekin elkartuko zela, “gaur egun ez baitago zehaztuta lotura euskal Yarekin Gasteizen edo Ezkion eginen den”.
Ahal Duguko parlamentariak “beharrezkotzat” jo zuen “tren azpiegituretan eginen diren inbertsioak erdigunean pertsonen beharrak izatea, eta herritarren mugikortasunerako eskubidea bermatzea”. Dauden ohiko tren zerbitzuen azpiegituren eta zerbitzuen errekuperazio, mantentze eta hobetzea eskatu zituen ere.