Osasun emozionalak gaindituta sentitu gabe bizitzako tentsioei aurre egiteko aukera ematen digu, baita pertsonen arteko harremanak izaten eta ohiko jarduerak modu egokian betetzen ere. Ongizate emozionalak ongi sentitzea dakar, gure pentsamenduak zaintzea minik ez hartzeko, eguneroko plazer txikiez gozatzea, besteekin partekatzea, ingurukoei entzutea…
Ondoeza emozionalak, ordea, gure bizitzan egon ohi diren zailtasunei aurre egiteko arazoak ekartzen ditu; besteak beste, desadostasunak, gaixotasunak, galerak… Horien aurrean, pertsonek hainbat emozio adierazten ditugu: urduritasuna, kezka, gogo falta eta eguneroko zereginetarako kontzentrazioa, energia eta motibazioa ez izatea. Ia beti erantzun iragankor bat da, uneko zailtasunei lotuta dagoena.
Emozioak "energia" dira, emozio horiek pizten dute bizitzaren egoerei aurre egitera bultzatzen gaituena. Pertsonek erantzuten dugu, eta erantzun horiek badituzte bere ondorioak. Emozioa ez da ezerezetik sortzen, batzuetan hala ematen badu ere. Emozio guztiak dira baliagarriak eta beharrezkoak bizitzarako; desatseginak direnak ere bai. Askotan horiek ekiditen saiatzen gara, zerbait esaten ari zaizkigula pentsatu beharrean. Zerbait gertatzen zaigun seinale dira, eta baita lagungarriak ere: egoera ebaluatzeko, gure harremanak nola dauden jakiteko, ondokoei jakinarazteko nola gauden eta zer nahi dugun, esperientziatik ikasteko, erabaki egokiak hartzeko. Azken finean, egoerari aurre egiteko eta geure burua zaintzeko.Esan bezala, gure emozioak eta sentimenduak askotarikoak dira. Batzuk atseginak (alaitasuna, lasaitasuna, segurtasuna, harridura, maitasuna, estimua…) eta beste batzuk, berriz, desatseginak (beldurra, haserrea, antsietatea, errua, tristura, lotsa, frustrazioa, gorrotoa...). Hau da ematen diguten informazioa: beldurra (geure burua arrisku baten aurrean prestatzeko balio du, azkar jokatzeko); antsietatea (geure burua mehatxuen edo balizko arriskuen aurrean prestatzen du); haserrea (ezetz esaten, gure burua eta gure eskubideak defendatzen laguntzen digu); tristura (galera baten aurrean, jarduera gutxitzera bultzatzen gaitu, galera hori onartu ahal izateko); harridura (ustekabeko aldaketen aurrean egoki jarduten laguntzen digu, gure arreta aldaketa horietara bideratuta); eta alaitasuna (Zer eragiten digu? Heztea, garatzea, lotura sozialak ezartzea, sortzaileak izatea, parte hartzea, motibatzea eta ahaleginak egitea).
Emozioei nola egiten diegu aurre? Esperientzia emozionalei aurre egiteko autozainketatik abiatuta, funtsezkoa da zer gertatzen zaigun jakitea eta gure sentsazioei –sentitzen duguna, emozioak, zantzu fisikoak–, pentsamenduei –pentsatzen duguna– eta jokaerei –egiten duguna– heltzea. Sentsazioak identifikatzea, izena jartzea. Horrekin batera sortzen diren pentsamendu eta jokaerez konturatzea, epaitu gabe onartzea. Konfiantzazko pertsonekin hitz egitea. Pentsamendu kaltegarriak (ezinezkoa da, ezin dut, ez naiz gai, gaizki aterako da…) arrazionalizatzen saiatzea. Ihes egiteko / saihesteko portaerak ekiditea, epe laburrean hobeki sentitzen lagundu dezaketen arren, epe ertainean arazoak eta ondoeza sortzen baitituzte. Momentuan dugun arazoa konpontzen saiatzea.
Ondoez emozionalari aurre egiteko, garrantzitsua da konfiantzazko pertsonei laguntza eskatzea, gure oinarrizko beharrei erantzuteko eta arazoak konpontzeko. Gure inguruko zerbitzuetara (osasun etxeak, udal zerbitzuak…) joatea. Laguntza bilatzea komunitateko baliabideetan: elkarteak, autolaguntzarako taldeak, gizarte zerbitzuak… Profesionalen laguntza bilatzea seinale hauek agertzen badira: zantzu oso biziak, eguneroko jarduerak gauzatzeko zailtasuna, alkoholaren kontsumoaren edo automedikazioaren areagotzea, harremanak izateko zailtasuna edo atseden desegokia.