Soldata berdintasunaren aldeko europako eguna

Erabiltzailearen aurpegia Joseba Barriola (Altsasuko Pentsionisten Batzarra) 2022ko ots. 28a, 10:10

Otsailaren 22an ospatu zen. Deklarazio ugari. Altsasuko pentsionistek otsailaren 21eko kontzentrazioan gogoeta-proposamena egin genuen. Europako Batasunako Batzordeak (Europako sasi-gobernua) egiten du egun hau, urtero, 2016 urte ezkeroztik behintzat. Europako komisarioak Timmermansek, Marian Thyssenek eta Vero Jourovák deklarazio instituzional solemnea egiten dute. "Europako Batasunaren emakumeen soldata oraindik da, bataz beste, gizonezkoena baino %16 baxuagoa" adierazi dute. 

Kontuan hartu behar dira, lehenik, soldata arrakala hori ematen dela lan ordaindua dutenen gizonezkoen eta emakumezkoen artean. Soldata baxuagoak, lan prekarioak, lan bikoitza (enpresan eta etxean), jubilazio murritzagoa, langabeziara pasatzeko orduan lehenak. Baino are larriagoa da egoera: emakume gehienak lan ordaindu gabeak egitera behartuta daude. Etxeko lanak, zaintza lanak, bizitza garatu ahal izateko lana debalde egitera de facto behartuta daude emakume gehienak. Bigarren, Timmermans komisarioak, soldata arrakalari buruz predikatzen duen horrek duen soldata 298.224 eurokoa dela. Ez dakit Tyssen eta Jurova andere komisarioen soldata, baina arrakalaren aurka egonda, pentsatzekoa da berdintsu kobratuko dutela. 
Eskandalagarriagoak dira bankuetako exekutiboen soldatak: Ana Botin (Banco Santander) 6,8 milioi euro urtean; Goirigolzarri (Caixabank) 1,65 milioi euro urtean, Carlos Torres (BBVA) 4,1 milioi euro urtean; Josep Oliu (Sabadell) 1,98 milioi euro urtean… Eta lotsagarriak dira, soldata minimo interprofesionala, eta pentsioen zenbatekoa aginduz eta legez ezartzen duten politikoen soldatak: Madrileko alkatea (108.517 euro); Bartzelonako alkatea (100.000 euro. Egungo alkateak aurrekoaren soldata jaitsi zuen); EAEko lehendakaria (105.825 euro); Generalitateko burua (130.250 euro. Egungo presidenteak aurrekoaren soldata jaitsi zuen); Madrileko Autonomiako Presidentea (103.090 euro); Nafarroa Lehendakaria (75.262 euro)… 

Hau ikusita eta arrakala fenomenoaren alde hirukoitza kontuan hartuta: a) Gizonen eta emakumeen soldata arrakala agerikoa da; b) ordaindu gabeko lana egiten dela (bizitzaren zaintza batez ere emakumeek egiten dute); c) Aberats deitzen diren miserable horien soldataren eta populuaren soldaten arteko arrakalaren aurrean, proposatzen dugu 100.000 eurotik gorako soldata eta erretribuzio mota guztiak debekatzea. Eta, legez posible denez, has dadila berehala herriaren zerbitzariak direla dioten politikoen soldatak errebisatuz. 
Altsasuko Pentsionisten batzarra astelehenero egiten dugu. Batu zaitez!!!!!