Bazterretik

Momotxorroa, goldea erabili eta lurra esnatu!

Erabiltzailearen aurpegia Juankar Mugartza 2022ko ots. 28a, 10:46

Lakuntzako pikota eta Altsasuko Kristoren atzeko harrizko gurutze erraldoi haiek (uda garaian belarrez erdi estalita zeudenak) deigarriak iruditu zaizkit beti. Haur garaian Otaiko eta Pilotajaukuko piezen artean lurrean iltzaturik zeuden harrizko gurutze handi haiek, zenbaki erromatarrez josirik, mundu magiko batera eramaten ninduten.

Denborak aurrera egin ahala, jakin ahal izan nuen lehen pikota izandako batzuk gurutze bihurtu zirela gero, eta pikotak eta gurutzeak, neurri batean, lotuta zeudela. Ez hauek preseski, baina bai herrien sarreretan dauden asko.
Zenbat izanen ziren eramanak gurutzetara fusilatzera, zenbat errugabe hilko ziren pikotan edo pillekubetan, Lakuntzan esaten duten bezala. 

Ez dakit ihoteen garaian gaudelako edo, baina pikotari begiratzean, aurrez aurre, ezkutuaren aurrean ipinita, izkinetako lehoiak bi beso luze bezala irudikatzen ditut, eta Miel Otxinen irudia etortzen zait burura, tuturroa eta guzti. Gizajoa exekutatu eta haren gorpuzkiak sutan erre zituzten, Hiriberriko Aittettarko bezala, eta pikotari burnizko katea gogor batez loturik hilko ziren ameslari asko bezala. 

Ihote garaian garaituak garaitzen dira, ilunpetan babestu direnak argitara ateratzen dira, gaua suaren argiaz egun bihurtzen da eta momotxorroek ipurukoa buruan eta sardea eskuan dantzatzen dute isuri duten odolaz beren amantalak lohiturik. Eta denbora batez, denbora mugatu batez, kaleak bidegabeki akusatuak izan direnenak dira, eta erreboltatzen dira eta presoak pikotatik askatzen dituzte, pikotaren kaskoan ikurrin klandestino bat ezarriaz.
Eta gauez, Zamarroak, Maskaritak, Kixkimau Pintto, Mariarroka, Moxorroak, Ninia, Landarra, Hartza, Aitezarko, Zatamarroa, Aittun Aundiya, Amiñ Ttikia, Alikote, Mamuxarroak, Momoxarroak, Txatarrak, Txatarmorruek, Kitomoxorroak, Kamarroak, Mantaguna, Sorginak, Akerra eta Juantranposoak libre dira.

Eta aurpegi beltzezko Zamar-Jantziek gurdiari tiratzeari utzirik, behi gorotza botatzen diete pikotara eraman nahi dituzten guztiei… eta pikutara bidaltzen dituzte.