Pilota

Binakakotik kanpo, baina itxura bikaina emanez

Guaixe 2022ko ots. 28a, 09:00
Ezkurdiak eta Tolosak Irribarria eta Rezusta ederki estutu zituzten. ASPE

Ezkurdiak eta Tolosak Irribarriaren eta Rezustaren kontra sorpresa ematekotan izan ziren, baina azkenean Binakakotik kanpo geratu ziren (17 eta 22)

Joseba Ezkurdiak eta Xabier Tolosak agur esan diote 2022ko Binakakoari baina itxura oso ona emanez eta finalerdietarako sailkatzeko zorian. Ostiralean Atano III.ean jokatutako finalerdietako play-offetan Iker Irribarria eta Beñat Rezusta izan zituzten arerio partida oso gogorrean. Partidari buelta emateko gai izan ziren eta izugarri estutu zituzten Irribarria eta Rezusta, baina, azkenean, 17 eta 22 galduta, agur esan behar izan zioten txapelketari. 

Partidaren lehen zatian Irribarria eta Rezusta izan ziren nagusi. Gipuzkoarrak 7 eta 14 aurreratu ziren. Ikusgarriak izan ziren Tolosa itotzeko jo zituzten pilotakadak. Baina Tolosak eta Ezkurdiak eusten jakin zuten eta buelta eman zioten partidari, jokaldi ikusgarriak eginez 17 eta 16 aurreratu arte. Izugarri gogortu zen partida, eta guztiz irekia zegoen, edonork irabazi ahal zuelako. Ezkurdia bikain aritu zen, eta Tolosak erauntsiari eutsi zion. Partida ikaragarria, erritmo handikoa eta azken unera arte estu-estua izan zen, baina azken txanpan finago ibili ziren Irribarria eta Rezusta eta finalerdietara sailkatzea lortu zuten, 17 eta 22 irabazita. Finalerdietako ligaxkan Altuna-Martija, Elezkano-Zabaleta eta Laso-Imaz dituzte zain. 

Ezkurdiak eta Tolosak agur esan diote txapelketari, baina itxura oso ona emanez. Behetik gora egin dute eta azken partidatan gozamena izan da euren jokoaz gozatzea.