Nekazari eta abeltzainek haiekin bat egin eta gaurko protestaldietan parte hartzera deitu dute UGANek, Nafarroako nekazaritza-elikadura kooperatibek eta EHNEk. Haien “lanbidearekiko errespetua eskatzeko bilduko” dira gaur. Abeltzain eta nekazariek azaldu duenez, “gizartea kalitatezko produktuekin, produktu askotarikoekin eta elikagaien segurtasun osoarekin elikatzeko gai izanik, eta ingurunea ahalik eta gehien errespetatzen saiatzen” dira.
Baina, “zailtasun ugari” dituztela nabarmendu dute. “Botere publikoa ez da gai izan horiei modu erabakigarrian heltzeko, eta beraz, ez diote konponbiderik eman. Gure ustiategietako errentagarritasun faltak eta elikatze-katearen legea ez betetzeak, merkatuan egotea eragozten digute, desagertzera bultzatzen gaituzte eta, beraz, gizartearentzat ezinbestekoa den jarduera uztera behartzen gaituzte, ekoizpen-kostuek ito egiten gaituztenean”.
Kontsumitzaileei ere dei egin diete hiru erakundeetako ordezkariek: “haiek gabe gure existentzia ez litzateke posible izango, eta haien esku dago, erosketa-saskiaren bidez, etorkizunean ekonomiari, ingurumenari eta demografiari dagokienez iraunkorra izango den nekazaritza- eta abeltzaintza-sektorea finkatzea”.
Mobilizazio zikloa
Lehen sektoreko profesionalen mobilizazioak pandemia aurretik hasi ziren, eta pandemian “funtsezkoak” izendatu zituzten, “eta funtsezkoak garela aldarrikatzen jarraitzen dugu”. Hainbat protesta ekintzaren ondoren, gaurko manifestazioaren ondoren, hilaren 20an Madrilen beste manifestazio bat eginen du sektoreak, “landa eremuarentzako errespetua eskatzeko, egoera ez baita batere xamurra. Joera irauli behar dugu”.
Horrela laburbildu dute egoera: “landa eremuko aktiboen galera errealitate bat da, eta ekoizpen kostuen azpizko prezioak zailtasun erantsi bat dakar gazteak nekazaritza eta abeltzaintza sektorean sartzeko. Nekazaritza Politika Bateratu eskasa, landa eremuko emakumeen eta gizonen errentari eragiten dioten arazo nagusiak konpontzen saiatzen da, eta bidenabar, erosketa saskiaren prezioa arintzen ere bai, gizarte iraultzarik gerta ez dadin. Horrekin batera egungo politika publikoek landa ingurunetik urrun dagoen hiri ikuspegia dute, eta zerbitzu publiko eta pribatuen hutsuneak, herrien huste arriskua larri areagotzen ari dira”.
Kexu
UGANek, Nafarroako nekazaritza-elikadura kooperatibek eta EHNEk nabarmendu dute haiek Nafarroako azaleraren % 90 kudeatzen ari direla, “ingurumenaren benetako zaintzaile eta kontserbatzaile gara. Landa inguruneko eragileok, hiri eta landa eremuen arteko beharrezko bizikidetza eta errespetua eskatzen dugu, non, politikak herritar guztien beharretara egokituko diren. Ezin ditugu ingurumena eta kontserbazioa, utzikeria eta debekuekin nahasi, edo erronka demografikoa, despopulazioarekin, edo maskotak gure lanerako animali eta abereekin. Legeak egiteko orduan, politikariek landa gunearekiko ikuspegi soziala ahaztu gabe eta begirunez jokatzeko eskatzen dugu, zoritxarrez orain ez bezala”.
Lehen sektoreko profesionalak kexu dira “gure lanarekiko gehiegizko lege neurriak, batzuetan laidogarriak ere bai, edo administrazioek ehiza kudeaketa bezalako arazoak konpontzeko duten utzikeria, edo agroseguroen jokaera lotsagarria beti nekazarion errentaren kalterako, edo abeltzain eta nekazari profesionalak babesteko nekazaritza politika bateratuaren porrota, edo gure produktuen kalitateari erasoak, badira nahikoa arrazoi beste behin ere ahotsa altxatzeko”. Gaineratu dutenez, “gizarteari eta kontsumitzaileei gure arazoei erantzuten ez dien eta gainera ingurumena zainduz elikagai onak eskaintzeko gure konpromisoa zapuzten duen nekazaritza politika honekin, asko jokatzen ari garela jakinarazi nahi diegu”.
Horren guztiaren ondorioz, “gazteak landa eremuetatik urruntzen ari zaizkigu, jarduera sozial eta ekonomikoa herri askotan desagertzen ari da, eta herrien huste joera hau, nekazaritza eta elikadura sektorerik gabe ezin izango dugu irauli. Landa munduarekiko arrakala eten behar dugu, nekazari eta abeltzainak lagundu behar ditugu”.