Duatloia

Mikel Astiz azkarrena Basaburuan

Guaixe 2022ko mar. 7a, 11:40
Mikel Astiz joan zen urteko Altsasuko Duatloian.

Ihabarko duatletak II. Basaburua Duatloia irabazi zuen otsailaren 26an Jaunsaratsen

Duatloien denboraldia hasi berri da. Lizarra eta Valtierrako duatloien ondotik, larunbatean II. Basaburua Duatloia hartu zuen Jauntsaratsek eta Mikel Astiz Erro ihabardarrak (San Juan-Donibane) denboraldiko lehen garaipena lortu zuen. Izena eman zuten 85 partaideek 5 km korrika, 24,5 km bizikletan eta 2,5 km korrika osatu behar izan zituzten, eta, Mikel Astizek txirrindularitza atalean lortu zuen aurreratzea eta helmugara bakarrik heltzeko nahikoa tartea ateratzea (1:09:29). Ihabarkoak 14 segundo atera zizkion Atarratze Rotari eta 21 segundo Xabier Ordunari. Emakumezkoetan Sara Modrego gailendu zen (1:23:03). Sakana Triatloi Taldeko Juan Luis Maiza 23. sartu zen, Felix Benjumea 27. eta Juan Carlos Gomez 60. 

Nafarroako Kirol Jokoak
Basaburua Duatloiak kategoria txikikoendako Nafar Kirol Jokoetarako baliagarriak ziren probak hartu zituen. Benjaminetan Anai Mazkiaran bigarren izan zen, kimuetan Unax Mazkiaran laugarren, haurren mailan emakumezkoetan Eider Mazkiaran laugarren eta gizonezkoetan Oihan Andueza hirugarren, eta kadeteetan Mikel Arrizabalaga zazpigarren.