Duatloia

Altsasu eta Arbizuko duatloiak ate joka

Guaixe 2022ko mar. 9a, 12:20

Hegoi Lakuntza Arbizuko Duatloiko joan zen urteko edizioan.

Altsasuko Duatloia martxoaren 19an jokatuko da eta Arbizukoa 26an. Bi probetarako izena ematea zabalik dago

Martxoan jokatuko dira Altsasu eta Arbizuko duatloiak. Goiztiarrena Altsasuko Duatloia izanen da, martxoaren 19an jokatuko dena. Goizeko 10:30etik aurrera Nafarroako Kirol Jokoen proben txanda izango da, benjaminen mailatik hasi eta jubenilen mailara arte Txioka ikastolaren parean jokatuko dena. Arratsaldean, 15:45ean, nagusien XI. Altsasuko Duatloia abiatuko da (5 km-22 km-2,5 km), Foru Plazatik. Lasterketak ohiko formatua berreskuratuko du, pandemiagatik joan zen urtean Ibarrea industri gunean jokatu baitzen. Banaka edo erreleboka jokatu ahalko da eta gehienez ere 250 partaide onartuko dira. 
Arbizuko Duatloia martxoaren 26an jokatuko da eta aldi berean Nafarroako Distantzia Motzeko Txapelketa izanen da. Bi probetarako izena ematea zabalik dago Nafarroako Triatloi Federazioko webgunean.