Nafarroako toki entitateetako 28 euskara zerbitzuk, Sakanako Mankomunitatea barne, elkarlanean sortu zuten www.era.eus. Haren bidez euskara zerbitzuek gurasoei haurrak euskaraz hazi eta hezten laguntzeko gomendioak eta baliabideak eskaintzen dizkie, esate baterako: eskualde bakoitzean dagoen eskolaz kanpoko eskaintzaren berri eman, adin bakoitzari dagokion musika proposamenak, euskarazko filmen eta marrazki biziduna, aplikazioak eta jostailuak, ipuinak eta literatura, jolasa, hezkuntza, gurasoendako aholkuak eta ipuinak.
Mank-eko Euskara Zerbitzuko teknikariek azaldu dutenez, “ipuinak kontatzea oso onuragarria
da haur eta gurasoen arteko lotura afektiboa sendotzeko, baita elkarrekin gozatzeko ere”. Ipuin eskaintza zabala dago liburuetan, interneten, edota ahozko ondarean. Erak eskaintza hori zabaldu egin du, ipuin digital interaktiboen atala baitu. Joan den urtean mustutako atal horretan beste bi ipuin gehitu dituzte: Anuska nire laguna, beti tinko eta Iletxipi, Eugiko mugalaria. Guztira zazpi daude.
Teknikariek azaldu dutenez, “baliabide ezin hobea da irakurzaletasuna sustatzeko. Adinari begira, egoki-egokia da Haur Hezkuntza eta Lehen Hezkuntzako lehen zikloko haurrendako”. Istorioak Euskokultur fundazioak eta Labrit Ondareak egindako ahozko memoriaren bilketaren funtsetatik hautatu eta eguneratuak izan dira, eta ilustrazioak Liebana Goñik egin ditu, istorioen pasarte bakoitza zehatz-mehatz gorpuztuz. Eta, horretaz aparte, badira ilustrazio guztietan interakziorako
puntuak, haien gainean sakatuta haurren esperientzia aberastuko duten animazioak, hotsak
eta ahotsak.
Gaineratu dutenez, “haurrek ipuin ilustratuak maite dituzte, irudiek bestelako dimentsio bat ematen baitiote istorioari. Baina, ipuina ilustratua eta interaktiboa denean, esperientzia areagotzen da, irakurketaren alde ludikoa nabarmen biderkatzen baita. Gainera, ipuinok era askotara erabili daitezke: haurrei bere kasa irakurtzen utzi, elkarrekin irakurri, ipuinaren pasarteak entzun, pasarteok entzun aurretik ilustrazioak elkarrekin aztertu…”