D ereduaren aldeko dekalogoa

Guaixe 2022ko mar. 7a, 09:04

Irurtzungo atakondoa eskolatik atzeratzen. ARTXIBOA

Sakanako Mankomunitateak D eredua hautatzeko arrazoiak eman ditu, matrikulazio garaian gurasoek zalantzarik izan ez dezaten.

Heldu den astean Haur Hezkuntzan eta Lehen Hezkuntzan ikasleak matrikulatzeko epea izanen da. Hori dela eta, Sakanako Mankomunitateko Euskara Zerbitzuak Ez zaigu arrazoirik falta izeneko dekalogoa zabaldu du, gaztelaniaz, arabieraz, frantsesez, ingelesez eta euskaraz irakur daitekeena. Lehenik eta behin jakinarazten du euskara ez dakiten guraso askok D eredua hautatu dutela. Baita milaka haur eta gaztek ikasi dutela D ereduan ere. Jakinarazi du gehiago direla euskara eskolan ikasi dutenak etxean ikasi dutenak baino. Bestetik, jakinarazi du hizkuntzak barneratzeko unerik aproposena haurtzaroa dela. 

Ibarreko erakundetik argi utzi nahi izan dute euskara umearen etxeko hizkuntza ez izatea ez dela traba euskara ikasi eta etxeko lanak egiteko. Eskolaren eta inguruaren eraginez D ereduko haurrek gaztelania ere ongi ikasiko dutela azaldu dute Mank-etik. Bestalde, D ereduko ikasleek ikastetxean ikasi ez dituen beste hizkuntza batzuk heldua denean ikasteko erraztasun gehiago dituzte. Eredu horretako ikasleek eremu profesionalean aukera gehiago dituztela ere azpimarratu dute. Euskararen ezagutzak ingurua sakonago ezagutu eta ulertzeko aukera ere ematen duela azaldu dute Mank-eko arduradunek. Eta, azkenik, euskarak, hau da, gizarte harremanek, kultur produktuek, aisialdiko jarduerek eta bestek euskal komunitateko kide egiten du norbera.