Euskalgintzak Mank-en dirulaguntza eskatzeko aukera du

Guaixe 2022ko mar. 8a, 13:29

Irurtzunen kirola esukaraz jarduera. ARTXIBOA

Euskararen ezagutza eta erabilera areagotzeko helburua duten egitasmoak eta euskararekiko jarrera hobetzekoa dutenak diruz lagunduko ditu Sakanako Mankomunitateak. Eskaerak hilaren 31ra arte aurkeztu daitezke. 

Sakanako euskalgintzari eta euskara sustatzeko jarduerei diruz laguntzeko deialdia egina du ibarreko erakundeak. Haren bidez, esaterako, honako jarduerak diruz lagunduko ditu: ezagutzatik erabilerarako jauzia egitea helburu duten egitasmoak, euskara ez dakiten euskal herritarrak euskarara hurbil daitezen helburua duten egitasmoak, euskararen ondarea jaso, gorde edota hedatzea helburu duten egitasmoak, euskararen hainbat alderdi aztertzea helburu duten jardunaldiak, euskalgintzan ibilbide oparoa izateagatik nabarmendutako pertsonak edo elkarteak omentzeko egitasmoak, euskararen familia bidezko transmisioa sendotzea helburu dutenak, euskaraz irakurtzeko zaletasuna sustatzea helburu duten egitasmoak, euskarazko kultura sormena bultzatzea helburu dutenak (hitzaldiak, erakusketak, kontzertuak, antzerki-emanaldiak eta lantegiak), etorkinen artean euskararen erabilera sustatzea helburu duten egitasmoak eta euskarazko jostailu, joko eta denbora-pasak. Hau da, Sakanako Mankomunitatearen Euskara Zerbitzuaren jarduera esparruaren barruan daudenak.

Sakanako euskara taldeak edo bertan jarduten dutenak aurkez daitezke. Gehienez hiru jarduera aurkeztu ditzakete eta bakoitzak, gehienez ere, 2.000 euroko aurrekontua izanen du. Eskatzaileek Mank-ekiko zerga eskaerak beteak izan beharko dituzte. Mank-en laguntza deialdia aurten eginen diren jarduerendako izanen da. Guztira 5.000 euroko poltsa du. Interesatuek eskabideak aurkezteko epea martxoaren 31ra arte izanen dute. 

Ibarreko erakundearen Lakuntzako egoitzan edo haren egoitza elektronikoan aurkeztu beharko dira. Aurkeztu beharreko agiriak dira: eskabide betearekin batera, IFKaren fotokopia, egin nahi den jardueraren plangintza zehaztua, jarduerei lotutako diru sarreren eta gastuen gaineko aurrekontua, eta aitorpena, objektu horretarako administrazio publikoei edo entitate pribatuei eskatutako edo haiek emandako dirulaguntza guztiena. Adierazi beharko da eskaerak ebazteke edo ebatzita dauden; azken kasu horretan, kontzesioari buruzko ebazpenaren kopia erantsiko da.