Arbizuko eta Etxarri Aranazko udalek, Udalerri Euskaldunen Mankomunitatearekin (UEMA) eta Sakanako Mankomunitateko Euskara Zerbitzuarekin elkarlanean, abizenak euskal grafiarekin jartzeko kanpaina abian jarri dute, Euskaraz naiz leloarekin, eta herritarrak animatzen dituzte beren abizenak zuzentzeko pausoa egin dezaten. Deialdia bereziki guraso izateko bidean direnei edota 18 urtetik beherako seme-alabak dituztenei egin diete. Izan ere, helduek abizenak euskal grafiarekin jartzeko tramitea eginez gero, seme-alabei automatikoki abizena behar bezala erregistratua geldituko zaie.
Abizenak euskal grafiaz jartzeko hiru pauso eman behar dira. Aurrena, herriko Erregistro Zibil edo Bake Epaitegira joan eta esan abizenak euskaraz jarri nahi dituzula. Horretarako, zenbait agiri eraman behar dira. Batetik, nortasun agiri originala eta haren fotokopia. Adin txikikoek gurasoen nortasun agiriaren fotokopia eraman beharko dute, eta 16 urtetik gorako seme-alabak dituztenek seme-alaben nortasun agiriaren fotokopia. Bestetik, bizi zaren herri berean inskribatuta ez bazaude, hitzez hitzeko jaiotza ziurtagiria. Horiekin batera, errolda-agiria. Adinez nagusia ez direnek gurasoena ere eraman beharko dute. Eta, azkenik, familia liburua eta haren fotokopia, beti ere, ezkonduta egonez gero edota seme-alabarik izanez gero. Azken pausoa da Erregistro Zibilean edo Bake Epaitegian emandako eskaera orria norberaren datuekin betetzea.
Normalean abizena aldatzeko eskaera egiten den tokiko arduradunak Euskaltzaindiak onartutako zerrendan eginen du kontsulta eta horko irizpideei jarraituko die. Baina ez da beti horrela: adibidez, Euskaltzaindiaren zerrendan Muxika agertzen da baina zenbait kasutan forma desberdinak onartu izan dira (Muxika, Mujika…). Zalantza izanez gero, norberak Euskaltzaindiaren www.euskaltzaindia.eus webgunean kontsultatu dezake. Tramitazioa bukatu ondoren nortasun agiria eta gainerako dokumentazioa berritzeko aukera dago. Kanpaina sustatu duten erakundeek gogorarazi dutenez, “izena aldatzeko egin beharreko pausoak beste batzuk dira”.