Emakume sozialistak saretzeko sortu zen Itaia, emakumezko langileen arazoei panorama politikoan lekua egin eta arazoei aurre egiteko proposamen politikoa garatzeko.
Zer da Itaia? Zeinek sortu zuen eta zergatik?
Jaione. Emakume batzuk batzen hasi ginen orain dela hiru urte eta Itaia emakume sozialisten sarea sortu genuen, emakumeonganako zapalkuntzaren fenomenoak identifikatu eta hauei aurre egiteko proposamen politikoa garatzen hasi ginen, ordura arte zeuden hainbat mugimenduetatik, bai instituzioetatik egiten zen eta oraindik ere egiten den emakumearen auziaren analisiarekin ez baikenuen guztiz bat egiten, eta ez soilik analisiarekin, baizik eta emakume langileon zapalkuntzaren gainditze erreal baterako aukerarik edota proposamen politikorik ez genuelako ikusten. Emakume auzia beste modu batera lantzeko beharra sumatu genuen, analisi egoki bat eginez, eta zapalkuntza honen gainditzera bideratutako proiektu politikoa antolatzen hasi ginen.
Zein da Itaiaren egitekoa?
Sara. Batik bat emakume langilearen analisi osatuago bat egitea: emakumeon zapalkuntzak, edota bigarren mailako subjektu gisara sozializatua egoteak, jendarte honetan betetzen duen funtzioa mahai gaineratzea eta honi aurre egiteko proiektu politikora ekarpena egitea, hortaz, emakume langileak proiektu honen baitan antolatzea.
Nola lantzen du egiteko hori?
J. Orain arte, batez ere ideologia eta antolakuntza lanean zentratu izan gara, izan ere, emakumeon babesa antolatzeko lanketa ideologikoa garatzea ezinbestekoa zaigu. Halere, hemendik aurrera ekarpen praktikoago bat egingo duten tresnak martxan jartzen hasi gara, hortaz adi egon!
Zer ekarpen egiten du emakumezkoen antolamendu sozialista batek?
S. Lehen aipatu izan dugun bezala, emakume langileonganako zapalkuntza ez da fenomeno isolatu bat, sistema kapitalista batean bizi garen heinean, hamaika zapalkuntza dira osotasun horren baitan. Gure ardura, zapalkuntza honek jendarte egituraketa honetan betetzen duen papera ikusaraztea da, zein funtzio bete izan dituen historian zehar eta zein funtzio betetzen dituen gaur.
Zer erlazio du mugimendu feministarekin?
S. Proiektu politiko propioa dugun heinean ez dugu harreman jarrairik, bai egon direla koordinazio momentu puntualak, baina printzipioz ez dugu erlaziorik.
Emakume Langilearen Egunean, zer mezu zabalduko duzue?
J. Emakume langileon bizi baldintzak okerrera doaz egunez egun: lan partzialak, soldata baxuak, behin behineko lanak… hori zaintza lanetan dugun ardurari oso lotuta dago, non umeen zein adinekoen zaintzak, etxean egin beharreko lanak, lan baldintza txarrak onartzera behartzen gaituzten. Pandemia testuinguru honetan, estatu zein administrazio publikoek geroz eta zerbitzu gutxiago bermatzen dituzte, hortaz, zama handiagoa dakar emakume langileongan. Biak ala biak langileon bizi baldintzak okertzea dakarte, eta alderdi politikoek ez diote gure zapalkuntza egoerari aterabiderik ematen, kontrara, guzti hori indartzen dute proposamen feministekin aurpegia garbitu nahi badute ere.
S. Gainera, zentzu komuna geroz eta zabalagoa den jendarte batean indarkeria matxistaren adierazleek gora egiten jarraitzen dute, garapen teknologikoak indarkeria forma berriak sortu ditu: sare sozialen bidezko erasoak, jazarpen sexual birtuala, kontrol sozialaren areagotzea… komunikabide, sare sozial, zein pornografiak emakumeon gaineko sexualizazioa eta indarkeria gauzatzen dituzten figurak elikatzen dituzte.
Zapalkuntza honen gainditzeak, ez du tokirik sistema kapitalistaren baitan, berau baita zapalkuntza hau betikotzen duena, interes ekonomiko eta politikoak bermatzen dizkiolako. Esplotazio eta zapalkuntzekin amaituko duen proposamen politiko bat garatu behar da, hau da, sozialismoa. Emakume langileok sozialismoaren alde antolatu gaitezen, hainbat zapalkuntza formen aurka borrokatuz, denon askatasuna lortu arte!