Astekoa

"Momoxarro hua, ni neu, nintzan"

Inauteriak hildakoen munduarekin eta negutik udaberrirako trantsizioarekin lotutako tradizioa dira. Honi jarraiki, animaliekin eta lurrarekin harremana dute. Izan ere, mozorroaren helburuetako bat animaliaren antza hartzea da, azken honek duen karga sinboliko ilun eta maltzurragatik, antza denez. Etxeko arropa zaharrak, narruak, lastozko txapelak, kukurutxoak, farak aukeran, eta ezinbestean, aurpegia estaltzeko maindirea eta makila eskuan, sekulako korrikaldiak egiteko prest, gure momoxarroak.

Jo, beldurtu, korrika eginarazi, liluratu... asko dira pertsonaia mitiko hauen helburuak. Ikara sorrarazteaz gain, begiradak bereganatzea da haien desira. Nor da, nor da? Bera nola iten den korrika, bildurra ematen dau aizu!... Herritarren erreakzioa da euren nahi ahaltsua. Urdiaingo momoxarroen artean, istorio ezkutu bat dugu. Ezaguna ez den baina gogora ekarri nahi dudan gertakari zirraragarria. Hots, gerra ostean, herriko zenbait neska gazte
mozorraturik atera ziren, ondorengo salaketen arriskuari uko eginez.

"Guk, ordia, momoxarro itia libre ez, eta ixo! ez genduen ezertxo ere esan, gu ixilik. Gue anai zaharrena, lanetik heldu zala, kalien momoxarruek ikusita, halaxe errepatu zan. hor bajok ba, norbait infernuko mikelete jantzita. Eta momoxarro hua, ni neu nintzan".

Sakanerrian argitaratu zituzten Amparo Lizarragaren hitzak. Inauteriak debekatuta zeudenean, eta are gehiago, emakumeek parte hartu ezin zutenean, Urdiaingo neskato jostun gazteak, euren saioetan mozorroa prestatu eta kalera atera ziren. Herriko lilura zein gorrotoa bereganatuz. Jakin gabe, garai berri bat ekarri zuten.