Esaldi hori euskal presoak artatu ohi dituen sendagile bati egindako elkarrizketa batetik aterata dago, eta haren oihartzuna belarrietan gelditzen da luzaroan Lander Garrok zuzendu duen eta berriki estreinatu den “Tipularen sehaska kanta” pelikula zoragarria ikusi ondoren. Jurista baten hitzak zorroztera etorri aurretik, komeni da zehaztea gure asmoa ez dela hemen zalantzan jartzea estatu baten eskubidea ordenamendu juridikoaren kontrako jokabideak zigortzeko. Baina zuzena da azpimarratzea, ordea, legeak eta zuzenbidea biziaren eta jendearen zerbitzuan daudela eta ez alderantziz. Eta estatuaren betebehar saihetsezina dela, bere burua demokratikotzat badu, zaintzen dituen pertsonen bizia eta biziari dagozkion eskubideak bermatzea, osasunerako eskubidea bereziki.
Izutzen du ohartzeak Miguel Hernández poetaren hitzen eta oroitzapenaren gaurkotasunaz; izan ere, pelikula honetan oso modu egokian berreskuratzen da idazlea, hain juxtu aurtengo martxoan laurogei urte betetzen direlarik kartzelan hil zenetik, gaizki tratatutako eritasun baten ondorioz. Adierazten zaila da haren “Nanas de la cebolla” (Tipularen sehaska kantak) izena daramaten bertsoak entzuteak sortzen duen zirrara, kartzelak pertsonen bizitzan eta, beraz, osasunean eragiten duen kaltearen latza gogora ekartzen duenean. Horiek ez dira Alacanteko poeta maisuak espetxeaz idatzi zituen bertso bakarrak. “Las cárceles” (Kartzelak) izeneko poema erdiragarrian hauxe dio Miguelek: “Las cárceles se arrastran por la humedad del mundo/ van por la tenebrosa vía de los juzgados;/ buscan a un hombre, buscan a un pueblo/ lo persiguen,/ lo absorben, se lo tragan (…)” (Kartzelak munduko hezetasunean barna doaz herrestan, epaitegietako bide ilunean barna doaz. Gizon baten bila dabiltza, herri baten bila, jazarri egiten dute, xurgatu, irentsi (…) Miguel hil eta laurogei urtera, kartzelek biziak irensten dituzte oraindik ere, are okerrago orain, kartzelen abizena “demokratikoak” delarik eta, zenbaitetan, gainera, oheburuan Miguel Hernándezen poema liburuekin lo egiten duten politikari “aurrerakoiek” kudeatuta.
Ongi etorri Garroren eta Sareren pelikulari, gai baldin bada kontzientziak astintzeko eta bide berriak irekitzeko jadanik berandu datorren gogoeta honetarako. Espetxe politikaren arloan erabateko aldaketari heldu behar zaio lehenbailehen. Kartzelak hustu behar dira, orain, arazo sortzaile direlako, ez soluzio sortzaile; biziarekin eta osasunarekin bateraezinak direlako; alternatibak egon badaudelako. Bai, ohar hauek orokortasunez egitera ausartzen gara, are gehiago, motibazio politikoengatik preso, Euskal Herriko beren etxeetan oraindik ez dauden 190 pertsonez ari garenean. Horiek guztiak espetxetik ateratzea bizia, osasuna eta elkarbizitzarako oldarra izango da gure gizartearentzat. Espetxe politikaren aldaketa hori bulkada sozial handi batek baizik ez du ekarriko, hain handia non erabakiak hartzeko ahalmena dutenen borondate politikoen norabidea ezarri ahal izango baitu. Ez, ezin dugu “Justiziaren” esku utzi. Bakearen eta elkarbizitzaren bidean trabak eta oztopoak jartzen tematurik dagoen “Justizia” baten esku. 2011n ere Miguel Hernándezen zigorra berraztertzeko errekurtso berezi bat, familiak eskatuta, aurkezteko aukera ukatu zuen “Justizia” baten esku (Espainiako Auzitegi Goreneko Auzi Militarren Sala). Artikulu honen bukaera gisa, zer hobe Miguelen beraren hitzak baino: “…Un hombre (léase también mujer) aguarda dentro de un pozo sin remedio,/ tenso, conmocionado, con la oreja aplicada./ Porque un pueblo ha gritado ¡Libertad!,/ vuela el cielo./ Y las cárceles vuelan./ (Gizon bat (edo emakume bat) zain dago putzu batean erremediorik gabe, atezuan, zurturik, belarria jarrita. Herri batek Askatasuna! deiadar egin duelako, zerua hegan doa. Eta kartzelak hegan doaz).