Asteartean martxoak 8 izango da berriro ere. 2019ko eta 2020ko greba feministekin jendartea astindu genuen. 2021ean ere pandemia erdian biltzeko gai izan ginen, eta urtero bezala feminismoaren ahotsa ozen entzun izan zen Sakanako kaleetan.
Aurten ere horrela izango da. Izan ere emakumeen eskubideen defentsan, bidea gutxika egiten bagoaz ere, oraindik borroka luzea dugulako aurretik. Egunero ditugu mintzagai erasoak, soldata arrakala, zaintza lanekiko mespretxua, festa guneetan libre izateko aukera falta, emakumeok politika karguetan aritzeko trabak edota emakumeok kirolean jasaten ditugun bereizkeriak.
Emakumeok gure egunerokoan ditugun bizipenak matxismoak zipriztintzen ditu goitik behera eta horregatik martxoaren 8an tinko eta ozen aterako gara kalera.
Horregatik guztiarengatik, eta feminismotik Sakana justuago baten alde borrokan jarraitzeko gure asmoa irmoa delako, datorren martxoaren 8an arratsaldeko 20:00etan Altsasuko Foruen plazan elkar ikusiko dugu mugimendu feministak deituriko manifan.