Hausterre egunean: gerrarik ez!

Erabiltzailearen aurpegia Joseba Barriola 2022ko mar. 7a, 10:04

Garizuma, penitentzia egunak. Aurtengo garizuman sufrimendura kondenatu gaituzte. Nork? Ez inongo jainkorik, mundu honetako botere nagusiek baizik. Garizuma berezia, bada, zeren munduko bekatari handienek, horiek, ezartzen digute, bizi baizik nahi ez duen jende xumeari, “dies irae, dies illa” delakoa, hau da gerra, baina ez berrogeialdian, urte osoan baizik. Ez da bada, ezinbestez, jasan behar dugun garizuma, ekidin dezakegun sufrikarioa baizik. Horrela bada, egoera tragiko honetan “Gerrarik ez” aldarria ozen zabaltzea premiazkoa dugu.

Klima aldaketa, energiaren agortzea, uholdeak, suteak, lehorteak, pandemiak... eta, orain, gerra mehatxu nuklearra. Gerran herritar guztiak izango gara kaltetuak: hildakoak, etxegabetuak, garestitze ikaragarriaren ondorioz –gasa, petrolioa, elektrizitatea, garraioak, elikagaiak...– muturreko pobrezia –goseteak, hotza...– hurbilago ezagutuko ditugu. Eta guztien artean pertsona zaurgarrienak haurrak eta adineko pertsonak, eta bereziki bizitzaren sortzaile eta zaintzaile nagusiak, emakumeak, gehien sufrituko dutenak izango dira. Gerrak larrialdi klimatikoa, energiaren eskasia, zerbitzu publikoen hondorapena (osasungintza, hezkuntza, zerbitzu sozialak…) eta estatuen zorra finantziarioa areagotuko ditu. 

Bestalde, gerra honek onura miserableak ekarriko dizkie armagintzako enpresa handiei eta energia  enpresa multinazionalei. Guztion miseria, enpresa kriminal horientzat etekinak handitzeko aukera.

Horregatik, lau haizeetara, kaleetara eta plazetara hedatu beharko genukeen oihua “gerrarik ez” da.

Gerrarik ez! esan nahi du: Errusiako Armada Ukrainatik kanpora eta NATO desegitea. Osasungintza publikoaren defentsan Iruñean egin zen manifestazioan 11 urteko gaztetxo bat entzun nuen, megafonoa eskuetan “gastos militares para escuelas y hospitales” oihukatzen. 

Gerrarik ez! Aldarriak esan nahi du herrien askatasuna eta herrien arteko elkartasuna. Ukraina aske, eta Donbasseko herritarrei autodeterminazio eskubidea onartzea. Donostian gerraren kontrako manifestazio batean emakume gazte errusiar batek parte hartu zuen. Kartel bat zeraman eskuan. Kartelean bi bihotz: Errusiako banderaren kolorez egina bat, eta Ukrainako banderaren kolorez egina bestea.