Pilota

Zabaleta vs Martija, %200ean

Guaixe 2022ko mar. 4a, 12:30
Martija, Altuna, Elezkano eta Zabaleta, osteguneko material aukeraketan. ASPE PELOTA

Asteburuan hasiko da Binakako finalerdietako ligaxka eta bi atzelari arakildarren arteko borroka estua hartuko du Bizkaia pilotalekuak. Martijak dio Zabaletaren kontra %200ean aritu beharra dagoela, baina Zabaletaren ustez “txapelketa berria” hasten da orain eta “guztiek” dute protagonismoa

Eta berriro zerotik hastera. Binakako Pilota Txapelketako hasierako ligaxka jokatu eta gero, lau bikote sailkatu dira finalerdietako ligaxkarako, eta elkarren kontrako hiru partida oso gogor dituzte aurretik. Sailkapeneko bi bikoak izango dira apirilaren 4an Bilbon jokatuko den final handira sailkatuko direnak, eta lehen jardunalditik ongi hastea da erronka, finalerdietan oso akats gutxi egin baitaitezke.

Hasierako ligaxkako lehen bi bikoak, Altuna III.a-Martija eta Elezkano-Zabaleta elkarren kontra lehiatuko dira igandean Bilboko Bizkaia pilotalekuan. Beraiek dira, agian, finalera heltzeko bikote faboritoak, gainontzeko bikoak baina koska bat gorago daudelako, baina ligaxka honetan ez da ezer gertatutzat eman behar. Igandean lehen mailako norgehiagoka estua espero da. Batetik, bi atzelari arakildarren arteko borroka gogorra, elkarren artean oso ongi ezagutzen duten arerio-lagun handiena, eta, bestetik, Altunaren eta Elezkanoren arteko aurreko koadroetako dantza. Zabaletak faboritoen balantza bere aldera mugitzen du ia beti, egungo atzelaririk osoena eta onena dela esan daitekeelako, baina Martijak behetik gora egin du nabarmen, konfiantzarekin dago eta azken partidetan maila ikusgarria izan duen Altunaren laguntzarekin, edozer lortzeko gai dira. Beraz, uste baino irekiagoa dago lehia.

Formularik gabe
Martijak aitortu zuen “une gozoan” iritsi direla finalerdietara. “Ea txapelketa ongi hasteko zortea dugun. Zabaleta onena da atzean, eta Elezkanok ongi bukatzen ditu tantoak. Bikote oso orekatua da, irabazteko zaila. Zabaletaren kontra jokatzerakoan %200ean jokatu behar du atzelari batek, eta deseroso joka dezala behartu. Jose eta Danelen kontra jokatzeko, egia esan, ez dago formularik” azaldu zuen. 

Zabaleta protagonismoa kentzen saiatu zen. “Zabaleta dela, Altuna dela… Danel eta Julen ere pilotari handiak dira, Jokin eta ni bezalako protagonismoa izango dutenak” argi utzi zuen

Finalerdietako lehen jardunaldiko beste partida larunbatean jokatuko dute Lasok eta Imazek Irribarriaren eta Rezustaren kontra, ziurrenik mukuru egongo den Labriten. Hau ere lehia estua izango dela espero da. Bombonerako azti berriak, Lasok, zaleak bere alde izango ditu, baina Irribarria eta Rezusta konfiantza handiz iritsi dira finalerdietara eta lehia oso borrokatua espero da. 

Bakaikoa, zain
Promozio mailan asteburuan finalerdietarako play-offak jokatuko dira. Joanes Bakaikoa finalerdietan sartuko da lehian, hurrengo astean.